Bestalde, hitz batzuk argituko nahi nituzke, noizean behin gaizki erabiltzen ditugulako.
- Zer da judu bat? Bibliak esaten du: Judaren erresuman bizi den pertsona; baita ere, judu-erlijioa duena, nahiz eta judu ateoak ere badauden.
- Zer da sionista bat? Judu militante bat, Israelgo estatua defendatzen duena, zer kostutan inporta gabe.
- Zer da semita bat? Bibliak dioenez, Semen ondorengoa, (Sem Noeren semea zen). Semitak izan daitezke arabiarrak, feniziarrak, juduak, aramearrak eta hebrearrak.
Semita judaismoaren korronte bat da.
- Zer da antisemita bat? Juduekiko etsaitasuna sentitzen duen pertsona.
Sarrera egin eta gero, hasi egingo naiz.
EKIALDE HURBILA
Herrialdearen historia ezagutu nahi badugu, jakin behar dugu non dagoen kokatuta; Mediterraneoko Levante deiturikoan, Asiako mendebaldean eta Afrikako ekialdean.
Lehenik eta behin, onartu behar dugu historia oso alderdikoia dela. Hori esaten dut, historia, beti, gerra irabazten dutenek idazten dutelako.
Gehiegi ez aspertzeko gehitu nahi nuke historia hau erlijio-narratiba batetik datorrela, non Kanaango eskualdean hamabi tribu judu bizi izan ziren. Gaur egun, 3.000 urte geroago, juduek han jarraitzen dute bizitzen, munduko eskubide guztiarekin sinetsita, holokaustoaren eta garbiketa etnikoaren estrategia erabili ahal izateko.
Agian esan beharko nuke sarraskia ez zela hasi urriaren 7an, Hamasek Israeli eraso zionean; Israelek eraso hori aitzakia bezala erabili zuen Palestinako herria sarraskitzeko. Historia honek hasiera asko ditu, eta ez zen hasi ere Erdi Aroan Ingalaterratik, Frantziatik edota Espainiatik juduak bota zituztenean.
Oso nabarmena da. Ezin dugu ukatu Jordan errekaren eta Mediterraneo itsasoaren arteko lurraldean eta bere hiriburuan (Jerusalemen) munduko hiru erlijio inportanteenak sortu zirela: kristaua, non bere jarraitzaileek esaten duten kristautasunaren habia hantxe dela; judua, non bere jarraitzaileek dioten Jahvehk Abrahami agindutako lurra dela, eta musulmana, non esaten duten Mahoma lurralde horretatik zerura igo zela. Hori guztiarekin esan nahi dut bere garaian hiru herri horiek bake erlatibo batean bizi ahal izan zirela, sionismoa agertu arte.
IDEOLOGO SIONISTAK
Nor izan zen Theodor Herzl? 1860. urtean jaio zen ekintzaile austriar-hungariarra; kazetaria, idazlea, eta nolabait antisemita mugimenduaren gorakadari aurre egiteko, sionista izeneko mugimendu bati forma eman zion, teorian; adibidez, ados zegoen Palestinako okupazioarekin eta estatu judu bat sortzearekin; gainera, esaten zuen leku onena Palestina zela, inperio otomandarrak okupatuta eduki arren; horrez gain, esaten zuen horretarako indarra erabili behar bazen, erabili egingo zela, eta kito.
T. Herzlek Estatu Judua liburuan esaten zuen arabiarrekin eta kristauekin ezin zela elkarrekin bizi; are gehiago, zioen euren gizartean integratzea edo bizikidetza edukitzea ezinezkoa zela; horrexegatik, lurralde propioa aldarrikatzen zuen: judu-herria bakarrik bizitzeko, bere ohiturak, erlijioa praktikatzeko... nahiz eta han bizi zirenak kanporatu edo akabatu beharko ziratekeen.
Zergatik Palestina? Lehen esan dudan bezala, narratiba erlijiosoak esaten du behin Jehova Abrahami agertu eta esan ziola: "Lo egiten duzun lurra emango dizut"; horrexegatik, Itun Zaharrean Palestinari "agindutako lurra" esaten diote. Theodorek egunkari bat erabili zuen bere ideiak zabaltzeko; horrexegatik eta beste gauza batzuengatik, Palestinara joateko migrazio mordo bat egon zen, batez ere, Europako ekialdetik, 1881etik eta 1914. urteen artean.
Oso erraza da erlijioari errua botatzea, "oso erraza da" mendebaldearen oniritziarekin Palestina inbaditzea, baina zenbat aldiz entzun dugu Palestina eremu geopolitiko estrategikoa dela? Zenbat aldiz entzun dugu herrialde boteretsu edo arma-potentzia batzuek herrialde arabiarretatik hurbil dagoen eremu bat kontrolatu nahi zutela? Zenbat aldiz entzun dugu Israel mendebaldearen eta ekialdearen arteko hesi-herrialde bihurtu nahi zutela? Hor dago koxka! Hor dago muina!
ZER DA ESTATU TEOKRATIKO BAT?
Estatu edo gobernu teokratiko batean, (teorian) boterea Jainkoaren eskuetan dago, edota bere Biblian (kasu honetan Toran) idatzitako hitzetan duena eta erabakiak hartzeko hor daude Elizako hierarkia eta bere ministroak. Israelen oso gutxitan ikusten edo entzuten dira judu ortodoxoak, gehienetan kexuen horman edo kolonoak hitzez adoretzen. Baina oso boteretsuak dira; politika orokorrean eta eskuineko alderdi politikoetan, batez ere.
Niri gustatuko litzaidake aipatzea ortodoxoen artean gutxiengo bat dagoela, (jarediak). Zergatik aipatzen dut gutxiengo hori? Hasteko, haiek esaten dutelako Israelgo estatua sortzearen aurka daudela, sionismoa Jainkoaren aurkako matxinada baita. Zergatik? Jainkoak judu herria kondenatu zuelako noraezean ibiltzera, bera berriro etorri arte eta leku bat aukeratu arte, baina Jainkoak ez gizakiok.
Nire ustez, euren erlijioa edo pentsatzeko era oso berezia da; adibidez, sionistek palestinarrei egin dieten sarraskiarekin ez daude ados, eta masakre horren aurka protestatzeagatik batzuk atxilotu eta espetxeratu egin dituzte. Beraz, uste dut idatzi honetan egotea merezi dutela.
PALESTINA INGELESA
Lehen mundu-gerran Otomandar Inperioak gerra galdu zuen. Horren ondorioz, haren lurraldeak banatuak izan ziren garaileen artean, eta Ingalaterrak Palestinaren ardura hartu zuen.
Zer zen Balfour adierazpena? 1917. urtean Ingalaterrako atzerri-ministroak Arthur Balfourrek adierazpen ofizial bat egin zuen. Bertan esaten zuen judu herriak lurralde bat behar zuela; beraz, juduak Palestinan bizitzeko aukerari ontzat eman zion, kontuan hartu gabe palestinarrak non jarri behar zituzten. Ez ziren inporta epeak, non eta nola; juduak kokatu behar zituzten eta, larriagoa zena, herri oso bat haren lurretatik bota behar zuten. Gainera, adierazpen horiek sionismoari eta Palestinarako migrazioari beste bultzakada bat eman zieten.
1933. urtean, Adolf Hitler kantzilerra izendatu zutenean, 5. aliyá (migrazioa) sortu zen. Migrazio berri horrekin, sionismoak palestinarren eta juduen arteko harreman gogorragoak eragin zituen. Gogoratu behar da garai hartan juduek artean ez zutela lurralderik eta Palestina ingelesa kolonia bat besterik ez zela.
Migrazio hori indarrez eta atzerritarren laguntzarekin kudeatuta zegoenez, arabiarren artean eurena zena kentzen ari zitzaien sentsazioa sortu zen.
Migrante horiek beraiena ez zen lurralde bat okupatzen ari ziren, lehen beste pertsona batzuek eta beraien aurreko belaunaldiek okupatu zutena, eta, egoera horren guztiaren ondorioz, palestinar eta arabiar sentimendu nazionalista bat sortu zen, eta juduen aurkakoa.
GATAZKA ARMATUAK
1936. urtean tentsioak "Lehen Arabiar Matxinada" deiturikoa eragin zuen, eta 1939ra arte iraun zuen. Matxinada hasi zen greba orokor batekin; gero, palestinarrek ez zuten zergarik ordaindu nahi. Protesta hasi zen judu migrazioaren aurka zeudelako. Gainera, gero eta judu gehiago zeudenez, bi aldeen arteko harremanak txartu egin ziren, batez ere, juduek pentsatzen zutelako eskubide osoa zutela nahi zutena egiteko. Juduentzat arabiarrak ez ziren pertsonak, eta, baldin baziren, bigarren mailakoak edo eskubiderik gabekoak ziren.
Horren ondorioz, matxinada armatua hasi zen. Bukatu zenean, 5.000 arabiar baino gehiago hilda zeuden, 400 judu eta 200 ingeles. Ni harritzen nau, edo, hobeto esanda, neure buruari galdetzen diot zer gertatu zen hildakoen kopurua hain desberdina izateko bandoen artean.
Matxinadak hiru ondorio sorrarazi zituen:
- Lehenengoa, juduek autodefentsarako milizia terrorista eta paramilitarrak "Haganah" sortzea. Mugimendu militar horrek (garai hartan ez baitzen armada) 1948. urtean garrantzi handia eduki zuen inguruko herrien arteko oreka apurtzeko, prestakuntza eta armamentu aldetik, etab.
- Bigarrena, nolanahi ere, oso garbi geratu zen arabiarrak eta juduak ezin zirela elkarrekin bizi. Bestalde, eztabaidaezina zen bi estatu desberdin egin behar zirela, baina oso nabarmena da arazoa ez zela konpondu, herri bati berea
zena kentzen ari zitzaiolako. Arazoa konpontzea konponbide okerra erabilita, zaila oso zaila!
- Hirugarrena, britainiarrek lege bat egin zuten, "1939ko Liburu Zuria". Lege horrekin juduen migrazioa jaistea lortu zuten, baina arazoa ez zuten txikitu; guztiz kontrakoa, judu-herria gero eta gehiago erradikalizatu zen; eta ez zuen britainiarrekin kolaboratu.
Arabiarren eta juduen arteko gatazkaz gain, sionistak, batez ere, Europako herrialde batzuk estutzen hasi ziren, juduentzako herrialde handia eta emankorra lortu nahi zuten eta.
Hego Amerikan eta Estatu Batuetan bizi ziren juduek eragin eta aberastasun handia zuten, eta horregatik lortu zuten Palestinan gertatzen ari zena haien alde bideratzea.
6 urte geroago, 1945. urtean, II. Mundu Gerra bukatu eta gero, NBE sortu zen, eta AEBren zein SESBen botoekin aurrera egin zuen Palestinan estatu judu bat sortzeko proposamena.
NBE, 181 EBAZPENA ETA INGALATERRAK UZTEA
1947ko azaroaren 29an, NBEren Asanblada Orokorrak 181 ebazpena onartu zuen. Ebazpenak Palestina bi zatitan banatzea ontzat eman zuen; alde bat, palestinarrentzat; bestea, juduentzat, eta Jerusalem eta Belen hiriak nazioarteko indarren kontrolpean geratu ziren. Juduei eremuaren %55 eman zieten, beraz, gainerako arabiarrei %45a, nahiz eta juduen biztanleria ez zen arren %30era ailegatzen. Bitartean, arabiarrak pilatuta zeuden, idor eta ez hain emankor eremuan, eta euren lurraldeetan errefuxiatu bihurtu ziren, mendebaldeari esker.
Bozketa honetan gertatu zenari buruz hitz egiteko, datu batzuk jakin behar ditugu; adibidez, 181 ebazpenaren alde 33 herrialdek bozkatu zutela, 13k kontra eta herrialde batek ez zuen parte hartu.
Ebazpenaren alde bozkatu zutenen artean hauexek zeuden: Danimarka, Holanda, Suedia, Frantzia, SESB... eta nola ez munduko jendarmea, AEB. Kontrako botoa eman zuten 13 herrialdeen artean 9 musulmanak ziren. Horrexegatik, gai honetaz hitz egiten dudanean esaten dut: "Partida hori lehenago zegoen jokatuta eta parte-hartzaile gehiago egon ziren lehen lerroan ez egon arren".
Bestalde, ez nau harritzen 181 ebazpena onartu eta bi egunera Siria, Egipto, Irak, Libano eta Palestina bezalako herrialdeak Israeli gerra deklaratu izanak.
Beste kontu bat da, Juduek ez zuten estaturik, berez armadarik ere ez. Hala eta guztiz ere, Israelek ez zuen gerra hori galdu. Gertaera horrek ez digu ezer esaten?
Bien bitartean, Ingalaterrak, Palestinatik nola eta noiz irten behar zen, besterik ez zuen buruan.
Puntu honekin bukatzeko gehitu nahiko nuke, ordurako Israelek herri palestinarraren aurka terrorismoa erabiltzen zuela eta Lehi, Irgun eta Hagana bezalako talde paramilitarrak zituela. Behean hiru talde paramilitarren ikurrak daude.
Haganah Lehi Irgun
NBE-REN ZIRKUA
Paragrafo honi izenburua emateko aukera batzuk ditut: "Herri boteretsuen morroia NBE da", "Demokrazia non ezkutatzen da?". Suposatzen da munduan gertatzen diren gatazkak NBEk konpondu beharko lituzkeela; bidegabekeriak konpontzeko edozein ebazpeni betoa jar diezaioketen herrialde batzuk egotea ez da demokraziaren adibide onena.
Nire iritziz, herrialde batek ez luke botererik izan behar EDOZEIN proposameni betoa emateko. Gehiengoak gutxiengoari irabazten dio, gustatu ez arren; hori da (?) demokrazia. Hala ere, egoera hori aldatu nahi bada, herrialde horiei botere kendu behar die, baina, proposamen hori aurrera eramateko herrialde horiek betoa jartzen badute, ez da gertatuko bozketarik... leku hori hutsik uzten dut sorpresazko emotikonoa jartzeko.
Zeintzuk dira herrialde horiek eta zergatik egin dezakete hori? Txina, Erresuma Batua, Frantzia, Estatu Batuak eta Errusia dira. Zergatik? Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluko bost kide iraunkorrak direlako, eta edozein horietako boto bat nahikoa izaten da ebazpen bat onartua izan ez dadin.
Horrekin zer esaten dudan? Bost herrialde horietako edozeinek nahikoa botere daukala gaur egun Palestinan gertatzen ari diren krimenak edo bihar munduko beste edozein tokitan gerta daitezkeen gerra krimenak, bidegabekeriak, gizateriaren aurkako krimenak, etab. ez ikertzeko. Esan behar dut biztanleria zibilari bonbak botatzea gerra krimena dela? Beraz, ikertzen ez badute, bi gehi bi=...
Ni ez naiz hori esaten duen bakarra, Genevako Hitzarmena, Gurutze Gorria, Amnistia Internazionala, Nazioarteko Zigor Gortearen Erromako Estatutua, Nazioarteko Zuzenbidea, NBEren Bakearen aldeko Mantenua edo "The Elders" izenez ezagutzen den "nabarmenen" talde bat ere bai.
Horiek betidanik kritikatu dute pribilegio hori, demokraziari kaltetzen diolako. Hori gutxi balitz bezala, teorikoki erraza da arau hori bertan behera uztea; “bakarrik” behar da NBEren eskutitzaren 108 eta 109 artikuluak bertan behera uztea, baina horretarako betorik ez da egon behar.
Zertarako balio du NBEk esateak Palestinan gertatzen ari dena hondamendi humanitarioa dela, beste urrats bat ematen ez badute?
NAKBA EZBEHARRA
1948ko maiatzaren 14an Ingalaterrak bere mandatua bukatutzat eman zuen eta egun berean Palestinatik irten zen. Hurrengo egunean (15ean), David Ben-Gurión Israelgo lehenengo lehen ministroak Israelgo Estatuaren independentzia izendatu zuen. Garai hartan, 300.000 palestinar baino gehiago bota zituzten beraien lurretatik.
1948ko maiatzaren 16an inguruko bost herrialde arabiarrak, Libano, Siria, Jordania, Irak eta Egipto 181 ebazpenarekin ados ez zeudenez, gerra deklaratu zioten Israeli. "Mugimendu" horrekin hasi zen "lehen" gerra palestinarren (arabiarren eta sionisten) artean. Urte bat eta bi hilabete iraun zuen gerrak. Juduentzat "askatasunerako" gerra izan zen eta palestinarrentzat "nakba" (ezbeharra) non 700.000 palestinar baino gehiago Gazara, Zisjordaniara, Siriara eta Libanora indarrez erbesteratu zituzten.
Palestinarrek exodo hori jasan ondoren, juduek ehunka hiri suntsitu eta indarrez despopulatu zituzten, haien izenak hebrear izenekin ordezkatu ziren, meskiten %80 baino gehiago suntsituak izan ziren eta Israelen hainbat lege indarrean jarri ziren palestinarren lurren eta jabetzen desjabetzeak legezkotzat jotzen zituztenak, eta aldi berean, israeldarrak ingelesen lurraldearen %28ko gehigarriaren jabe egiten zituztenak.
Seigarren paragrafoan esan dudana errepikatu nahi dut; nolabait, sarraski honen historiaren bilduma egin dut eta azken 160 urte hauetan inon ez da Hamas agertu. Hala eta guztiz ere, egoera horretan oso garbi ikusten da izugarrizko espoliazio bat gertatu dela, ehunka mila arabiar erailak, eta gaur egun jarraitzen dute erailtzen, baina, batez ere, herritar zibilak, umeak, emakumeak, kazetariak, GKEko kooperanteak, eraikin zibilak hondatzen: ospitaleak, eskolak, etxebizitzak, etab. Orduan, zergatik eta zertarako erabiltzen dute Hamas aitzakia gisa?
Nire iritziz, gaur egun Palestinan gertatzen dena ez da arabiarren eta juduen arteko gerra bat, ez dugu ahaztu behar herrialde batzuek argi eta garbi parte hartu zutela eta parte hartzen dutela; adibidez, yankiek, ingelesek... Oso nabarmena da Israel oso armatuta dagoela eta, beste aldean, palestinarrek ez daukatela granada-jaurtigailurik ere, baina oso ondo entzuten da (?) NBEren eta nazioarteko herrialdeen isiltasuna.
Nik ez dut konparaziorik egin nahi, baina zenbat aldiz eta zelako armak eman dizkiote Ukrainari? Edo, bestela, zergatik uzten diote Israeli populazio zibilaren aurkako sarraskiarekin jarraitzen? Argi dago, interesez gain, pertsona guztiek ez dutela balio berdina.
APARTHEIDA
Israelek egiten duena ez da autodefentsa; Israelek egiten duena ez da bidezko defentsa edo nork bere burua defendatzea; apartheid edo garbiketa etnikoa da; Israelek egiten duena gerra krimena da, eta laguntza ematen diotenak sarraski horren konplizeak dira, baita NBEn ebazpen saiakerei boikota egiten dietenak ere.
Bestalde eta nire iritziz, Europar Batasunak dauka erantzukizunaren partea, alde batetik, diskurtso faltsua egiten duelako eta, beste aldetik, ez duelako ezer egiten sionisten jarrera geldiarazteko.
Oso garbi ikusten da Palestinako mapa desberdinetan Israelek 1949. urtean eremuaren %55 zeukala eta Sei Eguneko Gerra bukatu eta gero (1967. urtean) %78 .
SEI EGUNEKO GERRA
Lehenik eta behin, deigarriena izan daiteke gatazka armatu honen iraupen laburra. Gerra honetaz hitz egiteko aipatu beharreko lehen gauza da Israel izan zela erasotzen lehena. Gerra honek beste izen bat zeukan edo, hobeto esanda, Israelek "Eraso Prebentiboaren Gerra" izena jarri zion. Israelek badaezpada 1967ko ekainaren 5ean Egiptoko eta Jordaniako aire armadei eraso zien, egun horretan hiru aldiz: lehenengoan, Egiptoko aireko hamaika base militarri eraso zien hegazkinak lehorrean hartuta; bigarrenean, beste hamalau baseri eta, hirugarrenean, nolabait deseginda geratu zen aireko armada: hegazkinen 70 eta mugatik hurbilen zeuden baseak suntsituta geratu ziren; Israelek, ostera, 250 hegazkinetatik 19 bakarrik galdu zituen...
Bestalde, esan behar da Israelek aliatu "ona" zuela, eta lagun horrek ez zizkion bitartekoak bakarrik eman, informazioa ere bai. Adibide bezala: Israelek Egiptoko pilotu guztien izen-abizenen zerrenda zuen, mailarekin, maniobren ordutegiarekin eta abarrekin. Hori guztia gerraren lehen egunean erabili zuen oreka apurtzeko.
Sei egunetan:
- Arabiar koalizioan 18.200 hil ziren, 7.000 zauritu, eta 5.483 preso egon ziren.
- Israelen aldetik 777 hil ziren, 2563 zauritu, eta 15 preso egon ziren.
HERRIALDE ANEXIONATUAK
Gerra hori bukatu eta gero, Israelek herrialde hauek bereganatu zituen:
- Egiptotik, Gazako Zerrenda eta Sinaiko penintsula.
- Jordaniatik, Zisjordania, Ekialdeko Jerusalem barne.
- Siriatik, Golango gainak.
Golango gainak herrialdea estrategikoki oso ondo dago kokatuta; beraz, Israelgo Parlamentuak lege bat jarri zuen indarrean “anexio” hitza ez erabiltzeko, eta, aldi berean, han bizi zirenei israeldar nazionalitatea izateko aukera emateko.
Sinaiko penintsulak 60.000 km karratu dauzka, eta, duela 3.000 urte, Kristoren aurretik, Egiptoren lurralde bat zen. Gerra horretan Israelek bereganatu zuen; 1973ko urriaren 6an, Egipto saiatu zen errekuperatzen beste gerra bat sortzen, Yom Kippur gerra, baina ez zuen lortu. 1979. eta 1989. urteetan, bi itun desberdinetan lortu zuen berreskuratzea.
Israelek anexionatutako Palestinako lurraldeak ez zituen itzuli, Zisjordania, Ekialdeko Jerusalem, Gazako Zerrenda... Horren ondorioz, palestinarrek palestinar nazionalismoaren kontzientzia handiagotu zuten, eta Israelekiko gorrotoa areagotu.
Gaur egun, nola daude Golango gainak? Azal osoak 1.800 km karratu ditu; 1.200 km Israelek kontrolatzen ditu, 365 km Siriak eta 235 km (UNDOF) Golango gainak bereziki zaintzen dituzten NBEko indar armatuek.
Porrot militar horrek palestinarrentzat beste ondorio bat erakarri zuen: palestinarrak beste migrazio batera behartu zituen, batez ere, bi lurralde elkarrengandik urrun eta inkomunikatuetara (Zisjordaniara eta Gazara); beste palestinar batzuk beste herrialde batzuetara joan ziren: Jordaniara, Siriara, Egiptora…
Esan daiteke Palestinak hiru ikur desberdin dituela; bata, Palestinako ikurra, kolore beltza goian dago (gerragatik), Palestinako bandera bertikala da, triangelua goian dago; bia, antzinako etxeko giltza sionistek okupatutako etxeen jabetza gisa eta itzultzeko itxaropena, eta, hirua, harria, intifada izenez ezagutzen diren etengabeko matxinaden sinbolo gisa.
Garai batean, munduak oro har (ezkerreko politikariek barne), Bigarren Mundu Gerran holokaustoa jasateagatik, Israelekiko begikotasuna zuen, baina gorrotora aldatu zen. Bigarren Mundu Gerra horren garaipenaren ondorioz, sionismoaren estrategia aldatu zen, eta kolonoak hasi ziren Palestinako herrialdeak bereganatzen. Gaur egun, 2023ko urrira arte, 140 kokaleku baino gehiago daude, hau da, 500.000 kolono baino gehiago bizi dira palestinarren lurraldeetan, bere garaian sionistek indarrez bereganatu zituztenak.
Baina ozenki esan behar dut hori Frantziari eta Britainia Handiari esker lortu zutela, eta, batez ere, Estatu Batuei esker; laguntza horri esker AEBk Ekialde Hurbilean izugarrizko base militarra dauka, petrolioa, Suezko kanala, eta herrialde batzuk, Iran, Irak eta, oro har, Ekialde Ertaina kontrolatzeko aukera.
INTIFADAK
Mugimendu hau 1987. urtean sortu zen, Palestinako herri mugimendu bat izan zen eta harriak erabili zituen Israelgo armadaren aurka, baldintza sozialen eta herri palestinarraren autodeterminazio eskubidearen aldeko salaketa eta aldarrikapen gisa.
Israelek egindako okupazioaren aurkako matxinada-mugimendu palestinarra zen, eta biztanle gazteenek osatzen zuten. Batez ere, bi argudio zituen:
- Bata, helduak hainbat akordiotara ailegatu eta gero, ez zuten ezer lortu. Beraz, hainbeste hutsegite jaso eta gero, erabaki zuten beste modu bat politika egiteko.
- Bia, Palestinako gazteek ikusten zuten Palestinan bizi-kalitatea txarrera egiten ari zela: anexionatutako lurraldeak ez ziren berreskuratzen, kontrakoa baizik, euren lurraldea gero eta txikiago zen, bizimodu duina edukitzeko baldintzak, defendatzeko armarik ere ez zuten, harriak besterik ez ...
Adibide gisa, 1993. urtean Osloko akordioa sinatu zuten: Yaser Arafat, Yitzhak Rabin (Israelgo ministroa) eta Bill Clintonek, eta hitza eman zuten okupatutako lurralde palestinarretatik tropa israeldarrak erretiratuko zituztela. Garbi geratu zen inoiz ez zutela bete. Hurrengo urtean, 1994an Yaser Arafat, Yitzhak (Isaac) Rabin, eta Shimon Peresek Bakearen Nobel saria jaso zuten, baina, zertarako? Nola aldatu da palestinarren bizimodua?
- Zer egin dugu herrialde garatuok palestinarren bizitzak hobetzeko?
- Zer egin dugu herrialde garatuok mendebaldeko armekin erailak izateari uzteko?
- Gure kontzientzia lasaiago al dago? Hori iristen den bitartean, Palestinako haur-nerabeak harriekin borrokatzen ari dira, oso armatuta dauden soldadu sionisten aurka.
Harriz armaturiko haur mugimendu honek berehala lortu zuen herri eta ezkerreko pertsona askoren begikotasuna. Hemen, Euskadin, hainbat aldeko kanpaina egin ditugu juduek ipini dituzten harresiak botatzeko, sionistak Palestinatik irten daitezen. Lelo honekin: Palestina palestinarrentzat.
HERRITAR ZIBILEN SARRASKIA GENOZIDIO BAT DA!
Esan nahi dudan lehenengo gauza hauxe da: Israelek egiten duena ez da gerra konbentzional bat; hori ez da bi armadaren aurkako gerra bat; ospitaleak, edo eskolak, edo etxeak ezin dira onartu jomuga militar gisa.
Oso nabarmena da, eta nik uste dut beti errudun zuzenak sionistak direla, baina hor daude beste errudun batzuk: (badakit lehenago aipatu ditudala, baina ez ahazteko) yankiak, baita Europako herri batzuk ere, sionistei armak saltzen baitizkiete biztanleria zibila erailtzeko; adibidez, Alemania, Ingalaterra, Italia, Espainia ...
Gaur, 2024ko apirilean 34.500 pertsona baino gehiago hil dira: 12.400 umeak; 9.800 emakumeak. Gutxi gorabehera, 77.500 zauritu, 146 kazetari, 200 kooperante baino gehiago erail dituzte Palestinan. Milaka pertsona desagertuta daudela... zifra horiek ikusi eta gero, zelako gerra da hau? Israelek zelako aliatuak ditu? Mendebaldeko komunikabide gehienetan zergatik ez da atera Israelek armamentu debekatua (fosforo zuria) erabiltzen duela?
KONKLUSIOAK
Zein da honen guztiaren konklusioa? Argi dago ustezko erantzun guztiak EZ direla guztien gustukoak, baina argi dago, halaber, lagunen arabera, arazoetarako irtenbide gehiago edo gutxiago egongo direla.
Nire ustez, lehenik eta behin, hasiera onartezina da, bati kentzea beste bati emateko, kasu honetan gertatu zen bezala. Oso nabarmena da bati estatu bat izateko eskubide osoa eman diotela eta besteari ukatu egin diotela, bati armada bat edukitzeko baldintzak eman dizkiotela eta besteak ez duela bere burua defendatzeko aukerarik, batek genozida izateko oniritzi osoa duela eta besteak biktima izateko, besterik ez. Ba, nork eta noiz kondenatu du Israel egindakoagatik edota egiten ari denagatik? Israelek 75 urte baino gehiago daramatza palestinar herria erailtzen, garbiketa etnikoa egiten. Zerbait gertatu da? Hegoafrikan apartheidek urte gutxiago iraun zuen...
Bestalde, batzuek diote Palestinan gertatzen den arazoa estatu palestinar bat aitortuz konpontzen dela. Baina, nik galdetzen dut, non? Zein banaketarekin, 1947. urtekoarekin, 1948. urtekoarekin, 2024. urtekoarekin? Edo %100 juduentzat eta hilerria palestinarrentzat?
Horregatik guztiagatik aldarrikatzen jarraitu behar dugu Palestinaren errekuperazioa arabiarrentzat.
Israel genozida eta bere aliatuak ere bai!
----------
Piter Encinas
Arrasate