Baina, noizbait konturatu al gara zein ideia edota mezu dagoen galdera sinple honen atzean? Sarri bidaiatzeko aukerak edota lan mundurako aukerak jartzen zaizkigu erantzun nagusi gisa. Lan-eskaintza askotan ingeles maila txukuna eskatzen dute, bestela "kualifikazio gutxiko" gisa sailkatua zara. Lingua francaren ezagutzak maila altuagoko hiritar bihurtuko zaitu. Antzekoa ematen da kultur kontsumoaren arloan, zenbat aldiz entzun izan dugu idazleren edo musikariren batek gazteleraz, frantsesez edo ingelesez idaztea/abestea erabaki duela "ate gehiago irekitzeko"? Horregatik, eskoletan izugarrizko beharra ikusten da ingeles ezagutza handitzeko. Bide horretan, ikasgai ahalik eta gehienak ingelesez irakasteko joera handitzen ari da. Are gehiago, hezkuntza sistema baten "kalitatea" atzerriko –ingelesa, frantsesa eta gaztelania– hizkuntzaren ezagutza mailaren arabera neurtzen ere hasi da. Eta euskara zer?
Honen guztiaren atzean sistema kapitalistaren fase gorena dugu: inperialismoa. Azken finean, zergatik kontsumitzen ditugu AEBko Hollywoodeko pelikulak –kontuan izanik pelikula gehien Bollywood-ek ekoizten dituela–? Zergatik dira anglosaxoiak Euskal Herriko –zein munduko beste herri askotako– erreferente kulturalak, intelektualak edota sozialak? Zergatik bihurtu da ingelesa arrakastaren neurgailu? Horretarako, ulertu beharra dugu Euskal Herria Europar Batasunean kokatzen dela, hots, AEBk zuzentzen duen bloke kapitalistaren barruan gaudela. Piztiaren bihotzean egote honek zera dakar: burgesiak bertako langile klasea lasai mantentzeko erreferenteak sortzea; subjektu iraultzailearen alienazioa helburu. Eta bide honetan, hizkuntzak paper argi bat jokatzen du; ez baita kontu sinboliko huts batera mugatzen, tresna politiko oso boteretsu bat ere bada.
Testuinguru honetan, nazioarteko burgesia erabat lerrokatuta dago; interes militar, politiko eta ekonomikoek noranzko argi bat dute. Harreman sozial kapitalisten erreprodukzioan aurkitzen da gakoa. Klase dominanteak bere boterea eta kapitala haztea behar du; eta honetarako ezinbestekoa du kontrol sozialaren areagotzea. Arlo honetan, hizkuntzak badu bere rola; herriontzat erresistentzia tresna izan daiteke, kapitalaren metaketa zikloan oztopo. Sistema kapitalistaren baitan, burgesiak homogeneizazioa du amets; hizkuntza komunitate eta nazio ezberdinen deuseztatze oharkabe eta inkontzienteki baimendua. Modu batean, erreferente komunak sortuz –hizkuntza jakin batean–, paisaia linguistikoa gero eta gehiago homogeneizatuz; hegemonia egonkortzen ari dira. Azken batean, merkatuak gure bizitzako arlo gero eta gehiagotan sartzen du eskua, ez da lan-orduetara mugatzen inondik inora ere, ezta asteko erosketetara ere. Gure gustuak, afizioak, aisialdia eta pentsamendua ere moldatzeko gaitasuna du; denok gara gero eta antzekoagoak, baina inoiz baino aukera askatasun gehiago dugula sinestarazten digute; gure desio eta nahiak inoiz baino gehiago kapital metaketaren logikak baldintzatzen dituen garai hauetan. Munduko hainbat tokitan hizkuntza bakarrarekin komunikatu ahal izatea, guztiok hizkuntza horretan aritzen diren erreferenteak izatea; bada jende bat bere hizkuntza eta kulturari uko egitera eraman dezakeen zerbait. Are gehiago, norbere hizkuntzan aritzeko esfortzu kontziente bat egin behar den kasuetan: hizkuntza komunitate gutxituetan. Hizkuntzen ekosistema apurka suntsitzea ez da kasualitatea, ez da ausazko kontua: mundu mailan ezin hobeto funtzionatzen duen sistemaren garaipenaren sinbolo baizik.
Inperialismoak erail dituen hizkuntzen adibideak oso azkar aurki ditzakegu periferian, kolonizazio garaitik gaurdaino. Baina, ezin dugu ahaztu nahiz eta erdigune inperialistan kokatutako langile klaseoi historikoki periferiatik erauzitako kapitalak, materialak eta lan-indarrak onurak ekarri dizkigun; zapalkuntza berak erreproduzitzen direla gure mendebalde kolektibo honetan. Munduko hizkuntza komunitate gutxituok eguneroko borrokan ari gara hauek bizirik mantentzeko; eta hori ezingo dugu egin askatasun nazional eta soziala lortu arte.
Homogeneizazio prozesu kalkulatu honen adibide dira enpresen hizkuntza-politikak, ostean tokiko erakunde publikoetan ere argi eta garbi islatzen direnak. Horren froga dira zenbat oztopo izaten ditugun hizkuntza komunitate txikietako pertsonok eguneroko bizitzako oinarrizko momentuak gure hizkuntzan egin ahal izateko: erosketak egiterakoan, medikuarenera joaterakoan, instituzioekin publikoekin harremantzean eta abar oso luze bat. Azken hilabeteetan intentsitate handiagoz agertzen ari den oldarraldi judizialak, Nafarroako zonifikazioak, Ipar Euskal Herrian hezkuntza publikoan euskaraz ikasteko debekuak, EAEko Hezkuntza Lege berriak etab.ek argi uzten dute erakunde publikoek agente ekonomikoekin batera duten rola gure hizkuntzaren desagerraraztean. Egoera diglosikoa ukatu eta neoliberalismoaren maximan zentratuz egiten da guzti hau: "Bakoitzak erabaki-ahalmena izan dezala nahi duen hizkuntzan aritzeko/ikasteko". Noski, "nahi" hori zeren eta noren arabera definitzen den argitu gabe.
Posible da norbaitek pentsatzea euskarak logika kapitalistan sartu beharra duela bizirauteko –euskara altxor kultural soil gisa definitzea, folklore huts bezala, euskara independentziaren ideiarekin ez lotzea, enpresek euskarazko produktuak saltzea kapital handiagoa lortzeko helburuarekin…–. Horrela izango balitz, euskaldunok izango al genuke irauteko aukeraren bat? Homogeneizazio prozesu horretan, hizkuntza komunitate handiek soilik dute espazioa, beste guztiok desagertzera kondenatuta gauden bitartean. Sistema kapitalistan irabazien maximizazioa da axola duen bakarra; eta bizirauteko beharrezkoa zaion hazkunde etengabe horretan guztia birrintzen du: izan lurra, izan lehengaiak, izan ekosistema, izan hizkuntzak, izan kulturak, izan pertsonak. Logika honetan ezinezkoa da gure biziraupena bermatzea.
Honen aurrean, zer egin dezakegu? Horretarako esaldi gogoangarri hau datorkigu gogora: "Zutitu eta euskaraz mintzatuko naiz nere hiltzailearen aurrean". Gure herriaren askapen nazional eta soziala euskaraz ari gara aurrera eramaten, eta halaxe jarraituko dugu. Munduko herri langileok saretuz, denon hizkuntzen biziraupena bermatuz eta etsaia suntsitzeko arma gisa ere baliatuz, internazionalismotik egingo diogu aurre denon homogeneizazioa hain ondo datorkion sistemari, kapitalismoari. Euskaldunak gara, eta harro gaude. Aurrean izango gaituzue.
Hamaika herri, borroka bakarra!
Gora elkartasun internazionalista!
----------
Aitor Juaristi
Arrasateko Askapena
Arrasate