Urte luzeak eta gaziak izan dira hauek, gobernuen partetik esperantza faltsuz eta desinformazioz beteak. Egoera hau Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak sare publikoarekiko erakusten duen utzikeriaren isla da. Zorionez, horrenbeste urte luzeren ondoren eta hainbat pertsonaren lanari eta presioari esker, 2023ko abendutik eraikitze prozesua martxan da.
Proiektu honen bidez, Arrasateko Musakola auzoak 0 urtetik 18 urtera arteko kalitatezko hezkuntza publikoa bermatzeko azpiegiturak izango ditu. Horregatik, lorpen handitzat jotzen dugu eraikin berriaren eraikuntza martxan jarri izana. Ezin baitugu ahaztu eraikinei dagokienez Arrasate Herri Eskolaren egungo egoera zein den: Haur Hezkuntzako bi eraikin, bakoitza herriaren punta batean –Musakolan eta Bedoñaben–; Lehen Hezkuntzako zentro bakarra, Erguinen; eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta batxilergoko eraikinak Musakolan. Erdigunean ez dago hezkuntza publikoaren eraikinik, nahiz eta ezin dugun ahaztu Ferixalekua publikoa izanda itunpeko ikastetxeek kudeatzen dutela. Zergatik daude herriaren kanpoaldean eskola publikoaren lau eremuak? Zergatik ez da Eskola Publikoarekiko apustua egin Arrasateko erdigunean? 22.000 biztanleko eta Debagoieneko ardatza den herri batentzat egoera sinesgaitza eta onartezina da, bai, baina erreala. Eta bien bitartean, alde guztiak isilik, denon eskubidea den kalitatezko Euskal Eskola Publikoa ukatuz.
Musakolako eraikin berriaren gaira itzuliz, lanak 2023ko abenduan hasi ziren, baina hasteak ez du esan nahi gauzak ondo egiten ari direnik. Obra hasi zenetik, desinformazioa besterik ez dugu izan arduradunen partetik: obraren hasiera-datarik ez izatea, fase bakoitzaren datak ez jakitea, ikasleen babes neurriak zeintzuk izango diren, aterpearekin zer gertatuko den, behin-behineko sarrera-irteera berriak zeintzuk izango diren eta abar. Horrek guztiak familiengan ezinegon handia sortu du. Azken finean, kontuan izan behar da eraikin horretan 0-6 urte bitarteko 75 haur inguru daudela eta eraikin berria egin aurretik, aterpe zaharra kendu eta aurreko eraikina bota egin behar direla, horrek dakarrenarekin. Zein da Musakolako haurren egungo egoera? Haurrek bizi duten egoera zaurgarria da. Obraren lehen fasean kanpo espazioko eremuan itxitura partziala egin zuten. Horren ondorioz, 900 metro karratu inguruko kanpo espazioko galera izan dute, eta 330 metro karratu baino gutxiagoko eremuarekin gelditu dira. Horri 285 metro karratuko aterpearen galera gehitu behar zaio. Guztira, urtea hasi denetik, kanpo espazioa 1.200 metro karratutik 330 metro karratura pasatu da, eta zegoen aterpe bakarra desagertu egin da. Egun euritsuetan eta eguzkitsuetan, haurrek ez dute non babestu. Obrek hemezortzi hilabete iraungo dutela aurreikusten da, eta kontuan izan behar da, oro har, atzerapenak egoten direla horrelako obretan. Legez, Eusko Jaurlaritzari dagokio obrak irauten duen bitartean behin-behineko estalpe bat jartzea, baina eskaerari uko egin dio, eta eskolako haurrak babesik gabe geratu dira. Gaur egun, eskola Udalarekin aukera desberdinak aztertzen dabil, baina orain arte eskainitako aukerek ez dute ganorazko aterpe bat eskaintzen. Ez da bideragarria hamar karpa txikiz osatutako puzzle bat izatea irtenbidea –3x3 metroko karpak–. Gainera, irakasleek eta gurasoek hartu beharko genuke horiek astero jarri eta kentzeko ardura. Negua aurrera doa, dagoeneko hiru hilabete pasa dira eta, gaur-gaurkoz, eskolak aterperik gabe jarraitzen du. Zeintzuk dira horren guztiaren kaltetuak? Haurrak. Ez al da inor konturatu estalpe gabe egongo direla, duela urtebete proiektua aprobatu zenetik hona? Nola liteke hori guztia inork kontuan ez hartu izana? Herriaren eskola da, publikoa, ez gabiltza eskola pribatu batez hitz egiten. Ulertezina eta onartezina da, gure ustez. Eskola Publikoak jasaten duen egoeraz eta instituzio publikoetako babes faltaz eta utzikeriaz nekatuta gaude.
Musakola herri eskolako guraso talde baten izenean, hori guztia salatu nahi dugu, eta gure haurrek egoera duina izan dezatela aldarrikatzen dugu. Dagokionari eskatzen diogu, gure seme-alaben izenean, obra horrek irauten duen bitartean gutxienez kanpo espazioa erabiltzeko aukera duina izatea, eta, lehenbailehen, bai euritik eta bai eguzkitik babesteko estalpe bat jartzea. Era berean, salatu nahi genuke ez dugula bateragarria ikusten horrelako obra bat gauzatzea haurrak bertan egonda. Nahiz eta arriskurik ez dagoela esan, haurrak patioan dauden eremuan –metalezko hesi txiki batez bananduta– makina erraldoiak dabiltza lanean. Herritar guztiak gonbidatuak zaudete Musakolako haurrek bizi duten egoera bertatik bertara ezagutzera.
"Kalitatezko Euskal Eskola Publiko laikoa denon eskubidea delako", gure seme-alaben eskubideak erdigunean jartzeko lanean jarraituko dugu.
----------
Alain Solupe
Arrasateko Musakola Herri Eskolako guraso-talde baten izenean
Arrasate