Gorbeia gaina

Erabiltzailearen aurpegia Gutunak 2023ko abe. 1a, 07:31

Aspalditik joan barik geunden Gorbeiara, eta ilusio handiz ekin genion igoerari. Bide batez, mendizaleak agurtzen genituen gora eta behera, gailurrera iritsi arte. Zur eta lur geratu ginen han entzundakoaz.

Gazte taldetxo bat hurbildu zitzaigun, gazteleraz: "Oye, por favor, ¿nos puedes sacar una foto de grupo?". Euretako bat ikurrina ateratzera zihoan. Nire erantzuna: "Aterako dizuet; nola ez, bada. Non nahi duzue argazkia ateratzea?". Orduan, euretako bik euskaraz erantzun zidaten, erdipurdi, baina argi esan zidaten non eta nola atera argazkia. Atera orduko, beste gazte kuadrilla bat, euskara eta gaztelera nahasia erabiltzen, beste kuadrillari galdera: "Oye, ¿nos dejáis la ikurriña para sacar una foto?".

Panorama hura ikusita, gailurrean geunden laurogei bat pertsonen arteko hizkuntza komunikazioa zein zen aztertzen ibili ginen – sentitzen dugu, baina deformazio profesionala gurea–, eta ondorioa benetan tristea: gehiengoak, denak ez esatearren, gazteleraz ziharduen. Izututa, jaitsierari ekin genion murmurrean: nola liteke Gorbeian, Begoñako Andramari aurrean –ironia da–, erabateko hizkuntza nagusia gaztelera izatea? Frogatuta, gainera, euretako askok, gehiago edo gutxiago, euskara erabiltzen gaitasuna zutela.

Beraz, gaur, hizkuntza ereduak eztabaidagai direnean, badugu euskaltzaleok beste erronka bat; alegia, nori eman lehentasuna hemendik aurrera: euskararen ezagutzari, erabilerari edota motibazioari. Honetaz literatura handia dago, baina guk ere hausnartu beharko genuke; izan ere, Gorbeiako gailurrean izandako esperientziak esaten digu ez goazela bide onetik euskararen biziraupena bermatzeko.

Nik garbi daukat, nahiz eta sarri jasan behar izan hizkuntza estresa: lehen hitza beti euskaraz.

 

---------------

Iñigo Ramirez de Okariz Telleria
Antzuola

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak