Joseba eta Gotzon etxera!

Erabiltzailearen aurpegia Gutunak 2023ko aza. 3a, 09:51

Euskal Herriko, Espainiako eta Frantziako espetxeetan 166 euskal preso daude: Euskal Herrian 152, Frantzian 13 eta Espainian 1. Gaixotasun larriak dituzten presoak: 12+4 –identitatea ez da publikoa–. Graduka –EAEn eta Nafarroan–: 2. graduan 128 eta 3. graduan 24.

Azken urteetan dispertsio politika amaitzea lortu den arren, konponbiderako bidea luzea da, eta oztopo asko ditugu gainditzeko.

Gaur egun, bi euskal preso politiko oñatiar ditugu, oso egoera larrian.

Joseba Arregi: 77 urte. Horietatik 31 espetxean preso eta 28 urte luzez dispertsio zein espetxe politika bortitzen pean. Martutenen dago, eta 2 aldiz kendu diote 3. gradua. Egoera larria da duen adinagatik, eta, hainbeste urtetako espetxeratzeak eragindako multipatologiengatik, kalean beharko luke. 2019an Espainiako zigorraren 3/4 beteta zuen, eta, Frantzian preso egondako 10 urteak zenbatuz gero, duela urte batzuk aske beharko zukeen.

Gotzon Telleria: 67 urte. 2017an atxilotu zuten, Mexikon, egun gutxiren faltan 30 urteko preskripzioa gauzatzeko –eta 30 urte baino gehiago erbestera joan zenetik–. Nanclares de Ocako espetxean dago, sendaezina den gaixotasun larriarekin: alboko esklerosi amiotrofikoa (ELA). Gaixotasuna areagotzea besterik ez dio ekarriko kartzelan jarraitzeak. Horregatik, kalean egon beharko luke.

Euskal Presoen inguruan hitz egitean, pertsonez ari gara. Giza eskubideen kontrako baldintzetan biziraun dutenak: urrun eraman zituzten, zigor gehienak lehen graduan betearazi, isolamenduan, mediku arta duinik gabe... Eskatzen duguna ez da mesede- tratua, ezta pribilegiorik ere. Salbuespenen amaiera eskatzen dugu soilik.

Beharrezkoa da egoera normalizatzeko prozesu bati ekitea, gertatutakoa ahaztu gabe baina egungo testuingurura egokituta, gainditutako faseak min handiagorik eragin ez dezan.

Horretarako, ezinbestekotzat jotzen ditugu: duela 20 urte sortutako salbuespen-legeria indargabetzea; edo, aldaketa partzialen bidez, behintzat, gaur egungo egoerara egokitzea; edo legeak egungo testuinguruarekin interpretatzea.

Etxera diogunean, esaten ari gara euskal presoek etxera itzultzeko bidea hasteko aukera izan behar dutela.

Joseba eta Gotzon etxera! Etxean eta bizirik nahi eta behar ditugu! Euskal presoak etxera!

----------------------

Ana Mari Markuleta eta Juanje Anduaga

Oñatiko Sare.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak