Komunitate nazional bati edo Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak definitu duen moduan "objektiboki identifikagarria den pertsona-talde" bati eragiten dionean, pertsona-talde edo komunitate horren identitatea adierazteko sinbolo bihurtzen da.
Ikurrina ez da Eusko Jaurlaritzarena, ez eta "Euskal" Autonomia Erkideko jendearena soilik. 1936ko lehen Eusko Jaurlaritza baino lehenagokoa da eta Euskal Herriko biztanleriak beretzat hartu zuen foruen kontra Madrildik zetorren erasoari aurre egiteko.
Nafarroako banderarekin, gauza bera: ez da Nafarroako (Garaiko) Foru Aldundiaren edo Nafarroako (Garaiko) Gobernuaren ikurra. Euskal herritarrok –7 probintzietako eta bertze anitz lekutakook– bildu gintuen Nafar Erresuma subirano, independente eta homologatuaren ikurra izan zen 1620ra arte Europako Estatuen kontzertuan.
Batean zein bestean, ikur biak erakundeen ikur partikular bezala aurkezteko ahalegina sumatzen da azken urteetan. Bistakoa da ahalegin hori euskalnafarren batasunaren kontrako bidetik doala.
2023ko Baztandarren Biltzarra festa egunean, esaldi hau zegoen Baztango Udalaren balkoi nagusitik zintzilik: Frankismoan bezala, ikurriña Udaletxean paratzea debekatu dute. Gauza bat da derrigorrez ipinaraztea eta bestea debekatzea. Badu zilegitasunik Nafarroa Garaiko Gobernuak berea ez den ikurra jartzera derrigortzeko ala debekatzeko? Eta Jaurlaritzak Erkidegoko udaletan nafar ikurra debekatzeko? Frantziapeko Ipar Euskal Herrian ez, ez bata ez bestea, biak libre. Biak beharko lirateke elkarren ondoan. Gero eta gehiago gara hori uste dugunok. Horrela ikusi genuen Tourrean eta hala ikusteko esperantza dugu hurrengo bueltan. Barka, Vueltan.
----------
Iñaki Idigoras Igartua (Oñati), Rafa Santxez Muxika (Bergara), Beñi Agirre (Hernani) eta Iñigo Larremendi (Gasteiz)