Nahiz eta horrelako indarkeria-kasu gehiago izan diren hurrengo egunetan, herritarrek bat egin zuten gertakizun hura berehala salatzeko; esan zuten halako indarkeria-kasuak ez dituztela onartzen eta puntualak direla.
Sare sozialetan beste irudi batzuk ikusi dira, baina horiek komunikabideetan ikustea ez da erraza: Oloroso zekorrak zezen-plazan bizi izan zituen azken uneak. Esperientzia gutxi duen nobillero batek toreatu zuen, eta birikak odolez betetzen zaizkion bitartean sufrimenduz betetako heriotza krudela izan zuen: https://labur.eus/XPGvy.
Egunero 08:00etan Iruñeko kaleetan korrika ikusten ditugun zezenak arratsaldeetan zezen-plazan hiltzera kondenatuak daude. Sufrimenduz betetako tortura. Eta ez da puntuala: jaiek dirauten bitartean egunero gertatzen da, urtero.
Beste titular batek ere arreta eman dit: bosgarren entzierroa, azkarra, garbia eta "aspergarria" izan omen zen; zauriturik egon ezean, ez zaigu hain interesgarria iruditzen; besteen bizitza zezenen adarren artean arriskuan ikusteak ikusgarritasuna ematen dio, emozioa eta morboa.
Sanferminak jaia eta algara dira, ondo pasatzera goaz. Baina ezin dugu ukatu munduan ezagunak diren jaion ardatz nagusia zezenak eta entzierroa direla; entzierroen atzean animalien sufrimendua dago, eta bizitza arriskuan jarri duten eta zaurituak izan direnena.
Gure gaztetxoen artean mezu hau zabaltzen dugu: animalien sufrimenduarekin gozatu egiten dugu. Korrikalariek bizitza arriskuan jartzen dutenean ere gozatu egiten dugu.
Nahiz eta entzierroekin jarraitu, zezenketarik gabeko sanferminak aurrera goazen eredu polita izango lirateke.
----------
Yolanda Jimenez Sudupe
Arrasate