Alderdi politikoei eskaerak

Erabiltzailearen aurpegia Gutunak 2023ko api. 2a, 00:00

Maiatzean egingo diren udal hauteskundeak direla-eta, bilera-erronda hasi dugu Arrasaten ordezkaritza daukaten alderdi politikoekin, zenbait eskaera helarazteko eta udal hizkuntza politikaren inguruan dituzten asmoen berri jakiteko.

Eskaera garbi batekin goaz: euskaraz aritzeko gai diren hautagaiekin osa ditzatela zerrendak, edo, gutxienez, Udalaren funtzionamendua eta herritarrekiko harremanak euskaraz izatea bermatzeko ulermen maila nahikoa daukatenekin. Horri lotuta, beste eskaera bat ere egingo diegu: Udalean euskaraz jarduteko borondatez aurkez daitezela, amaitzear den agintaldian kezkaz ikusi baitugu udalbatzaren bilkuretan, euskaraz aritzeko gai izanda ere, gazteleraren aldeko apustua egin duela PSEko bozeramaileak. Arrasateko Udalak aspaldi erabaki zuen euskara izango zela erakundearen zerbitzu eta lan hizkuntza, eta jarrera horiek atzerapauso larria dira, baita herriaren berreuskalduntzean ere.

Bide batez, AED eta Ekin Emakumeak elkarteek erabiltzen dugun lokalaren egoera prekarioaren berri ere ematen ari gara alderdi politikoei. Lokalaren jabetza partekatua da –zati bat AEDrena eta bestea Udalarena–, ez ditu egungo legediak eskatzen dituen baldintzak betetzen eta, ondorioz, inbertsio ekonomiko handia eskatzen du –50.000 euro ingurukoa, BEZ gabe–, irabazi asmorik gabeko elkarte batek bere gain hartu ezin duena.

Lokal horiek, AEDren eta Ekinen bulego lanak, bilerak eta askotariko jarduerak egiteko ez ezik, Udalaren harrera-zerbitzua emateko zein euskalgintzaren eta beste hainbat eragileren bilerak egiteko ere erabiltzen dira.

Aspalditik datorren afera da, eta arazoari behin betiko irtenbidea emateko borondate politikoa ikustea espero dugu bileretan, euskararen aldeko lanak goxotasuna merezi baitu, espazio duinak eta erakargarriak.

----------

Eñaut Muxika Olasagasti

AED elkartearen Zuzendaritza batzordearen izenean

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak