zer esan, zer egin, zer pentsa asmatu ezinik. Baina bai. Eugenio Otsoa Gerra joan zaigu gure artetik. Gatzagako alkate izan eta izango dena.
Asubeazpiko Kontxi Ugalderen eta Andres Otsoa Gerra-ren seme, sekula geldirik ez isilik egon ez den mutikoa. Ausarta hura.
Sendi apal bezain ezagun batekoa; harro sentiaraziko ditu ingurukoak.
Haren agurra irribarre batez. Besteen arazoez interesatua, auzoa, herria, Euskal Herria izan du interesgune nagusi, elkartasunaren laia maisuki erabilita.
Haur jolasak, mendi irteerak, gazte dantza taldeak, auzolana txokolate-janarekin edota berriketari gisa parte hartuz.
Eta jai giroan, murgil eginez. "Laia bai, jaia ere bai".
Gaztarotik herrigintzan, militantzian, sindikalismoan.
Iheslari Iparraldean, Francoren heriotzaren ondoren herrira itzuli zen arte.
Baina Gerra ez zen jaio begira egoteko, eta Arrasaten berriro gizartearen kezkei erantzuten saiatu zen.
Antolatzaile, eragile eta kudeatzaile izan dugu.
Joko-zelaira beldur barik ateratzen zen; erorikoa, berriro jaikiz konponduta.
Kooperatibismoa lehen lerrotik bizi izan zuen, zuzendari ardurak hartuz. Elkarrizketa, giza artea, herrigintza zituen gogoko, Laia sindikatuan borrokatuz eta Elai enpresan esku hartuz.
Baina Gerra miresten badugu, bereziki Gatzagako herrian egindakoagatik da.
Emozioz borborka zuen adimen argiak gidatu zuen ekintzaile gisa, giza harremanetarako zuen abilezia maila gorenean erabiliz.
Hiribildua berpiztea lortu du, eraikinak birbaliatuz, zerbitzuak eskainiz, jarduera ekonomikoak dinamizatuz, etxebizitzak eraikiz, herriko historia eta ondarea berreskuratuz, herritarrentzat baldintza egokiak sortuz eta, finean, elkarbizitza sustatuz, hartarako ospakizun berean alkate eta dantzari bezala parte hartu behar izan bazuen ere.
Artista izan haiz!
Adiorik ez, lagun! Baina –Gerrari jarraituz– saltsa guztietan sartuz.
Aurrera bolie!
----------
Xabier Zubizarreta
Hire lan-herri-juerga-udalkideon izenien
Arrasate