Izan ere, indarkeria matxistak ertz asko ditu; horietako bat prekarietatea da, baina, emakume nagusien kasuan, prekarietatea egoera zehatz batzuek eraginda etorri da.
Egoera prekarioaren sorreraren atzean arrazoi unibertsalak daude; besteak beste, krisi sistematikoa eta, oro har, krisiak.
Krisi sasoi bakoitzak herritarrentzat atzerapausoa dakar; artean, izan ditugun eskubide batzuk galtzea dakar. Gainera, zenbat eta eskubide gutxiago izan, orduan eta galtzaileago ateratzen da, eta multzo honetan gaude emakumeak.
Gaur egun, emakume nagusi askok bizitzeko baldintza eskasak dituzte. Datuak begiratzea baino ez dago. Pentsio baxuak dituztenak asko dira Euskal Herrian.
Egoera hauek gaztetatik helduarora eta nagusi egin arteko bizitzak sortu dizkie.
Hain zuzen ere, prestigio gutxiko lanak egitea, enplegu prekarioak izatea, soldata kaxkarrak eta abar, eta abar. Horrenbestez, bidegabekeria handi horrek ordaina eskatzen du: pentsio propioa jasotzea.
Prekarietateak egonezina, antsietatea eta etorkizunarekiko beldurra ere sortzen ditu.
Edozelan ere, prekarietate egoera larri honek borrokan jarraitzeko grina sortu behar digu.
Egoera eraldatzeko kalean jarraituko dugu, irmotasunez ikusarazteko.
Ez diogu interpelatzeari utziko, askotariko eragile, talde eta kolektiboek amankomunean ditugun kezkak eta arazoak hartuta konfluentziara jo arte; ez dugu etsiko.
----------
Itziar Usandizaga
Duintasuna elkartearen izenean
Debagoiena