Debagoieneko kontsumo energetikoa (TEP) horrela banatzen da: %55 industria, %24 garraioa, %10 etxebizitzak eta %9 zerbitzuak. Eta energia hori lortzeko iturriak: %37 gasa, %37 elektrizitatea eta %25 gasolioa eta gasolina, nagusiki.
EAEn kontsumitzen dugunaren %90 kanpotik dator eta energiaren %11 bakarrik osatzen dute energia berriztagarriek.
Ikusten dugun etorkizuna ez da lasai egoteko modukoa, eta kontsumoaren murrizte sakon eta handia egin barik alferrik izango dira egin ditzakegun esfortzu guztiak. Argi eduki dezagun!
Eta Ekiola? Zergatik eman ongietorria?
Trantsizio horretan laguntzen duen apustu garrantzitsu bat delako.
Ahalik eta familia gehien batzeko potentzialitatea duelako.
Ingurumena kaltetzen ez badu –ez badute–, proiektu guztiak beharrezkoak direlako.
Hau guztia esanda, ni partikularki arduratzen nauen pega bat mahai gainean jarri nahiko nuke. Horrelako proiektuak herritar guzti-guztiei zabalik egon beharko lirateke, baita familia zaurgarriei ere.
Zentzu horretan, herrena dator Ekiola, eta horretarako espresuki iniziatiba batzuk aurkeztu genizkion Udal Gobernuari. Gutxietsi egin gintuzten eta Leintzeko Ekiola sorreraren prozesutik aldendu gaituzte. Informazio barik.
Bonu soziala kobratzen duten familiek –familia ugariak, zaurgarriak…– trantsizio energetikoan lekurik ez badute eta amankomuneko proiektuak garatzeko ahalmena ez badugu, jai dugu!
----------
Ion Albizu Gonzalez
Aretxabaleta