Filosofiaren historiara gerturatzea izan da aurten nire buruari jarritako erronketako bat, historian zehar filosofoek eta pentsalariek agertu dituzten ideia eta teorietara hurbiltzea. Bereziki, emakume filosofoengana gerturatzea. Izan ere, eremu horretan ere emakume filosofoak egon dira, baina ezkutatuta egon dira; bai haiek, bai haien mezu, ezagutza eta jakituria, bai haiek gizarteari egindako ekarpena.
Horrela, besteak beste, nabarmentzekoak dira: Alejandriako Hipatia (370-415); hark adierazi zuen: "Modu okerrean pentsatzea ez pentsatzea baino hobea da". Marie Le Jars de Gournay (1565-1645); bere hitzak dira: "Hertsiki esanda, gizakia ez da ez maskulinoa ez femeninoa (...) Funtsezko ezaugarri bakarra adimena izatean datza". Olympe de Gouges (1748-1793); harena da esaldi hau: "Emakumea, esnatu, aitortu zure eskubideak". Mary Wollstonecraft (1759-1797) ere ezin ahaztu:"Ez dut nahi emakumeek gizonen gaineko boterea izatea, beren buruaren gainekoa baizik". Eta, noski, Simone de Beauvoir (1908-1986): "Ez da emakume jaiotzen, emakume izatera iristen da".
Egunerokotasunean, maila apalagoan, etxeko giroan eta lagunartean ere egon dira filosofa handiak; hain zuzen ere, amak, amamak, izebak, amaginarrebak. Nork ez ditu, bada, gogoratzen haien esaerak eta jokabideak, bizi-esperientzian oinarritutakoak eta jakinduriaz jantzitakoak? Geurean, askotan, amak mezu hau helarazi digu: "Ez bete bizitza urteekin, bete urteak bizitzarekin!". 91 urte bete zituen abuztuan; badaki zertaz ari den.
Zoritxarrez, urteek aurrera egin badute ere, emakume filosofoen mezuak behar-beharrezkoak dira oraindik ere. Beraz, emakume, iratzarri, pentsatu, aldarrikatu, balioan jarri eta defendatu zeure eskubideak! Izan zeure bizitzaren jabe! Eta, ez ahaztu, bete zeure urteak bizitzarekin!
----------
Marijo Etxegoien Arzuaga
Oñatiko EAJko udal taldearen izenean
Oñati