1937ko apirilaren 24a eta 25a Elgetako historiaren liburuko orri beltzenetakoak izan ziren. Ugari izan ziren bortxaketak, lapurretak eta erailketak. Oraindik epaitu gabe dauden gizateriaren kontrako krimenak. Hurrengo 40 urteetan, gainera, diktadura, zapalkuntza, isiltasuna eta ahanztura izan ziren nagusi. Diktadorearen heriotzak ere ez zuen justiziarik ekarri.
Gerratik eta frankismoaren basakeriatik alde egin nahian Elgeta utzi zutenak asko izan ziren. Familiartekoen etxeetara, fronteko lerrotik urrun, baita atzerrira ere. Historia pertsonal horietan guztietan haurrek bizi izandakoak ekarri nahi izan genituen gogora. Gehiago izan daitezkeen arren, bi dira Intxorta kultur elkarteak identifikatu dituen Elgetako gerrako haurrak: Jose Luis Arantzeta eta Pilar Gorrotxategi.
Apirilaren 24a. 96 urte beteko zituen omendu genuen egunean bertan Jose Luis Arantzeta Arregik. Omenaldi xume baina hunkigarria egin zion bere herriak. Lastima, lehenago egin ez izana.
Azkenaldian bolo-bolo ibili da mena –lagundu gabeko atzerriko haur– hitza. Espainian hauteskunde kanpainako kartel bilakatu dute batzuek, Euskal Herrian mena izandako batek bere buruaz beste egin duela esan dute beste batzuek.
Ez al ziren bada gure aiton-amonak ere mena izan? Ez al zioten gerratik eta txirotasunetik ihesi beste herrialde batzuetan beraien bizitzari berrekin behar izan?
Balio beza Elgetako 1936 eta 1937ko gudako haurrei egin genien omenaldiak gaur egungo erbesteratutako haurrei ere aitortza egiteko.
----------
Iraitz Lazkano
Elgetako alkatea
Elgeta