Euskal musika popularra, tradizionala, ugaria eta musikalki oso aberatsa da. Duela gutxi jakin dugu Versalles-en, XVII. eta XVIII. mendeetan, euskal musikaren melodiak eta dantzak entzuten eta ikusten zirela; hango errege-etxea Europako kultura-gune garrantzitsuena zen. Hango musikari Marin Marais-ek (1656-1728) bi obra euskal izenez argitaratu zituen: Le Basque eta Biscayenne. Frantziako beste musikari ospetsu batzuen obrak, Bourrée de basque eta Bourrée pour les basques, euskal musika tradizionalean oinarrituta daude. Bourrée hitzak dantza tradizionala esan nahi du, eta dantzak bere musika darama. Francois Marie Arouet Voltaire frantses idazle, filosofo eta zientzialari ospetsuak (1694-1778) hau esan zuen euskaldunez: "Auñamendi, Pirinioetako alde bietan dantzatzen duen Herria". Manuel Larramendi idazle eta euskaltzaleak (1690-1766) zioen Euskal Herriko elizetako ospakizunek ez zutela katedraletan egiten zirenen inbidiarik. Espainian urteetan han eta hemen ibilia zen, Loiolara etorri eta euskararen munduan buru-belarri sartu arte. Wilhelm von Humboldt filologo alemanak, Berlingo Unibertsitatearen sortzaile eta lehen errektoreak (1767-1835), badu dokumentu bat non hitz egiten duen euskal musikaz.
Euskal Herriak musikagile, organogile, organo-jole eta abeslari bikainak eman ditu. Apaiztegiak, monasterioak eta komentuak izan dira musikaren harrobi. Egungo musika-harrobiak, berriz, musika-eskolak dira, baina organo ikasketak ez dira ematen ia inon, eta, herri askotan organo bikainak izan arren, horien soinu zoragarriak entzuteko abagune gutxi dugu, gero eta organo-jole gutxiago dagoelako. Martxa honetan, laster, organo bat baino gehiago mutu geldituko da, ez bada zerbait egiten. Gazte gehienek ez daukate aukerarik organoa ezagutzeko. Musika tresna zoragarria eta hain tradizio luze eta bikaina duena. Gazteei ikasketak egiteko erraztasunak eman behar zaizkie. Musika mota eder hau entzutea merezi dugu, ematen diren kontzertu berezi batzuei itxoin barik. Ez diezaiogun uko egin musikaren historian hasieratik gaurdainoko tradizio garrantzitsu honi.
----------
Esteban Irusta Mallea
Oñati