Gutunaren bigarren zatian, faltan sumatu duzu euskal hiztunen bazterketa konpontzeko proposamenen bat. Beharbada, orain arte ez dugu ikusarazi, baina, batetik, D2030 taldean, eskualdeko euskalgintzan diharduten eragileak badira: Goiena, Emun eta Txatxilipurdi; eta, zeharka, ekimenaren proposamena eragiten ari da euskararen normalizazioaren dinamiketan ere. D2030ek, bestalde, euskararekiko konpromiso irmoa dauka, eta, bere ekinbidearen barruan, euskararen presentzia eta trataera lehenesten dugu %100ean. Gainera, ondo begiratzen baduzu, bada 14 prototipoen artean tokiko komunikabideen zentzua berrasmatzea helburu duen bat ere, Goienak sustatua, eta hortik, euskaratik eta euskararako proposamen berriak irtengo dira, ziur. Agian, ikuspegia ere aldatzeko ordua da, eta galdera berriak izan daitezke euskaldunon eskubideak berma daitezen sormen berriaren sua pizteko behar dugun egurra.
Eskerrik asko zure ekarpenengatik, Joxemari. Kafe baten bueltan segi dezakegu berbetan.
----------
Elena Herrarte
Debagoiena 2030 ekimeneko koordinatzaile orokorra
Arrasate