Ohituraren ezkutuarekin ezkutuan

Erabiltzailearen aurpegia Gutunak 2020ko ira. 25a, 00:00

Entitateek Euskaraldian izena emateko epea bukatzen ari da, eta euskarak bizirik jarrai dezan gure hizkuntza ohiturak aldatzea zein garrantzitsua den ohartu naiz, ohitura hori izan ohi baita euskaraz ez hitz egiteko aitzakia nagusia.

Hain zuzen, erabiltzeko ohitura bihurtutako aukera kontziente horrek bereizten ditu, esaterako galizieraren kasuan, novos falantes edo neofalantes direlakoak –guretzat guztiak hiztun berriak izango direnak–. Kontzeptuok bereizteak hizkuntza gutxituaren erabileraren garrantzia plazaratzen du. Honela, beharbada, guk ere euskaldun berri eta euskararen hiztun berri bereizi beharko genituzke, erabileraren arabera? Agian, bai. Zer gertatzen da, ordea, hiztun zaharrekin? Hauen erabilera ere klabea izan arren, nik dakidala, galizieraz ere ez dira bi termino bereizten, txikitan etxean euskaraz hitz egiteak gaztaroan zein helduaroan euskaraz hitz egitea bermatuko balu bezala.

Honela, ez dago zalantzarik erabilera puntu garrantzitsuena dela hizkuntzaren bizitzari dagokionez, eta ohitura, askotan, gazteleraz hitz egiteko aitzakia izaten da. Horregatik, komeni da Euskaraldian ahalik eta jende gehienak parte hartzea, oraingoan ariketa ondo ulertuta, eta ohitura horiek aldatzea. Lehenengo, 15 egun erabiliko ditugu euskaraz eginez ohiturak aldatzeko; gero, ohituraren ezkutua deuseztatuta, eguneroko hizkuntza –aisialdikoa, lanekoa, etxekoa…– bihur dezagun euskara.

Pixkanaka aurrerapausoak ematen ari gara: 1545ean Etxeparek euskaraz argitaratu zuen bere liburua, euskararen historian epe garrantzitsua markatuz. Aurreko mendean, euskara batua sortu zuten, baita euskaraz ikasteko aukera ere. Ordudanik, D eredua asko hedatzea lortu dugu, baita administrazioan euskara apur bat sartzea ere, adibidez, Garabidekoengana etortzen diren hizkuntza komunitate askoren eredu bihurtuz. Orain, euskararen erabilera handitzea tokatzen zaigu. Guri dagokigu. Orain da ordua eta, pixkanaka-pixkanaka, lortuko dugu! Etxeparek Linguae Vasconum Primitiae-ren bukaerako Kontrapas olerkian esan zuen bezala: Heuscara ialgui adi canpora (….) Heuscara ialgui adi plaçara (…) Heuscara, ialgui adi mundura!

----------

Ainhoa Pardina

Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak