Autismoa, garun paralisia, dislexia, Downen sindromea, adimen urritasuna, sozializatzeko zailtasunak... dituzten umeez ari gara, bai eta bizitzan hain oinarrizko diren urteez.
Urtero bezala, HH-LHko ikastetxe bakoitzean dituzten haurrak kontuan hartuta giza baliabideen eskaria egiten da: profesionalen arteko elkarlanean burututako balorazio psikopedagogikoan oinarrituta. Ume bakoitzak eskola testuinguruan duen beharra baloratzen da bertan: garapen integrala eta beraien ikaste prozesua arrakastatsuak izan daitezen laguntzen. Horren arabera, EJk zentro bakoitzak behar dituen hezitzaile eta pedagogo terapeutikoen zenbatekoa ateratzen du.
Lehen aipatutako balorazio teknikoen bitartez, ondo baino hobeto justifikatuta daude hezkuntza bereziko haur bakoitzak dituen beharrak. Baina arlo honetan, EJk ez ditu aintzat hartu balorazio teknikoak, eta profesional gutxiago jarri dituzte zenbait ikastetxetan. Arabaren kasuan, adibidez, hezitzaileetan 9 jardunaldi erdi eta 5 jardunaldi oso PT kendu dituzte.
Egoera larriak biziko dituzte hainbat irakasle, hezitzaile eta ikaslek.
Dirua honetan jarri ez izanaren ondorioak ez dira hurrengo ikasturtean soilik ikusiko. Epe luzerako ondorioak ere badira. Guztiok parte izango garen jendartea nahi dugu? Zelako bizitzak edukiko dituzte gure umeek haurtzaroan beharrak ase ez badituzte? Harremantzeko tresnetan trebatzerik ez badute, nola eraikiko dute beraien etorkizuna? Zeintzuk dira etorkizunean konpondu beharko genituzkeen arazoak?
Diruak non jarri eta non kendu da, beraz, kontua. Koldarra eta bihozgabea da horrelako zerbitzuetan murrizketak egitea. Guk hemendik ez dugu kendu nahi, egon badago nondik kendu. Guk gure haurrak babestu eta bizitza erdigunean jarriko duen eredu bat nahi dugu.
----------
Larraitz Arando Ilarduia eta Ion Albizu Gonzalez
Aretxabaleta