29 urte espetxean!

Erabiltzailearen aurpegia Gutunak 2020ko api. 24a, 07:25

1991n sartu zuten Iosu Arkauz espetxean; barruan hiru urte zeramala jaio nintzen ni. Gaur egun, oraindik bertan jarraitzen du. Ai, ama! 29 urte, nire bizi guztia baino gehiago. Nahiz eta ez ezagutu, denbora honetan guztian zenbat gauza egin ditudan eta bitartean bera ziega zuloan egon dela eta dagoela pentsatzeak ikara ematen dit.

Denbora gehiegi bakardadean, baldintza gogorretan eta, nola ez, etxekoengandik urrun.

Familiak eta maite duten ingurukoek bisita labur bat egiteko milaka kilometro egiten dituzte, istripuak, urduritasunak, gastuak, nekea, sufrimendua… eraginez. Zein da politika anker honen helburua? Nor da zigortua?

Badira hamar urte ETAk armak alde batera utzi zituela, baina horrek ez duela axola ematen du, beste aldean ez baita ezer aldatu. Horretarako, orain dela gutxi jakin berri dudan adibide bat jarriko dizuet. Iosu Murtziako espetxean dago. Sailkapenaz arduratzen den organoak, Murtziako Tratamendu Juntak –espetxean bertan lanean dauden juristak, hezitzaileak, psikologoak, asistente sozialak, funtzionarioak…– Iosu bigarren graduan sailkatzea proposatu du. Baina Madrilen dagoen Espetxeetako idazkari orokorrak ez du onartu, ETAkoa izanik arriskutsua dela argudiatuz. Nola da posible espetxean bere zaintzaz arduratzen direnak gradu progresioa egoki ikustea eta Madrildik garbi adieraztea ez dutela inolako asmorik aldaketa hauek bultzatzeko? Gainera, Frantzian eta Espainian egindako urteak kontuan hartuz gero, 2015ean kalean egon beharko luke. Hala eta guztiz ere, barruan mantentzen dute.

Honi guztiari, gaur egun bizi dugun COVID-19aren egoera gehitu behar diogu. Gu gure etxeetan gauden bitartean, berak ziega zuloan jarraitzen du. Bertako baldintzak ez dituzte aldatu, patiora guztiak batera ateratzen dira… kutsatzeko aukerak areagotuz. Gainera, bisitak kendu dizkiote, noski.

Beraz, orain, inoiz baino gehiago eskertuko ditu gure eskutitzak. Hartu tartetxo bat eta idatzi Iosuri eta gainontzeko presoei. Lanean jarraitu behar dugu kalean ikusi arte!

----------

Garazi Azkarate Arrizabalaga

Sare Arrasate

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak