Bizi baldintza duinak behar ditugulako, urtarrilaren 30ean grebara

Erabiltzailearen aurpegia Gutunak 2020ko urt. 25a, 00:00

Arrazoiak badaude, eta, horregatik, urtarrilaren 30erako Eskubide Sozialen Kartak deitutako grebarekin bat egingo dugu EH Bilduko kideok.

Prekarietatearen aurrean, bizi-baldintza duinak aldarrikatzen ditugu. Kalera aterako gara erabaki politikoen erdigunean bizitza jartzeko eta hauek ez egoteko elite ekonomikoen interesen menpe. Kalean izango gara herri duin batean bizitza duin bat aldarrikatzeko. Azken urteetan hartu diren erabaki politiko zein instituzionalek herritarren bizi baldintzei eragiten diete zuzenean. Prekarietatea da milaka herritarren bizia baldintzatzen duen elementu nagusia. Eta hori gertatzen da elite ekonomikoen interesak herritarren interesei gailentzen zaizkielako. Ereduak asko dira; adibidez, lan erreforma edo pentsioak ez gaurkotzea, eta langileen bizitza gero eta prekarioagoa da, haien baldintza ekonomikoei, lan baldintzei, pertsonen zaintzari eta osasunari eraginez.

Izan ere, Jaurlaritzaren arabera, pobrezia %46 igo da Euskal Autonomia Erkidegoan azkeneko urteetan eta 200.000 pertsona pobrezia arriskuan daude; pentsiodunen erosteko ahalmenak %6 egin du behera eta sinatzen diren kontratuen %92 behin-behinekoak dira, besteak beste.

Debagoienean ere, egoera ez da oso bestelakoa. Urtarrileko langabezia-datuak batez beste %8tik gorako datua eman du eskualdean. Eta eguneroko ekonomiaren egoerak okertzera egin du: dendak ixten ari dira, pobreziaegoerak areagotzen, lanbaldintzak eskasten –urtea hasi zenetik 8 langile hil dira lan-istripuz Euskal Herrian–, gazteak lan-merkatura sartu ezinda dabiltza, pentsiodunak hil bukaerara iritsi ezinda…

Agerikoa da badaudela arrazoiak Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deitutako greba orokorrean parte hartzeko, eta EH Bilduko kideok ere bertan izango gara. Unea heldu da prekarietatean oinarritutako sistema bati erantzuteko eta, bizi-baldintzak erdigunean jarriz, haien herritarrak zaintzen eta babesten dituen herri baten alde egiteko.

----------

Beñardo Kortabarria

Debagoieneko EH Bilduren izenean

Debagoiena

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak