Betiko eskemetatik atera eta bestelako eskola bat sortzea helburu, irakasle talde batek egun ezagutzen dugun eskolako hezkuntza eredu pedagogikoa martxan jartzeari ekin zion. Egin zituzten bidaiak Herrialde Katalanetara, eta ezagutu zituzten pedagogia eredu ezberdinak. Ibili ziren gau eta egun belaunaldi gazteagoei irakasteko asmoz hezkuntza eredu baten aldeko borrokan. Bidean batu ziren guraso eta herritar zenbait ere. Lortu zuten ikaslea hezkuntza prozesuaren erdigunean kokatzen duen errezeta magikoa eraikitzea.
Lan horren emaitzak ongi baino hobeto ezagutzen ditugu bertatik igaro garen ikasleok. Ikasle bakoitzaren beharretara egokitzen den hezkuntza eredua dugu hau. Ikasleen ekimenez hautatzen diren proiektuen eredua oinarri hartu, eta ikaslea bere osotasunean kontuan hartzen duen metodologia da gurea. Gaur arte lanean jardun duten irakasleek jakin dute curriculum propio bat eratzen.
Tamalez, hezkuntza ereduaren lehen harriak jarri zituzten irakasleei iritsi zaie erretiratzeko unea. Irakasleria finko baten beharra nabaria da transmisioa bermatu eta proiektuari eutsi ahal izateko. Herritarrok argi dugu zein den aurrera egiteko bidea: gurea den hezkuntza eredua defenditzen jarraituko dugu. Bagabiltza belaunaldi berrientzako haziak ereiten; administrazio publikoak dira, ordea, pausoa eman beharko luketen hurrenak. Erakutsi dit hausnartzen. Erakutsi dit egia bailitzan kontatzen digutenaz harago kritikoak izaten. Erakutsi dit egoeretara egokitzen, eta behar denean, ingurukoa errespetatzen eta onartzen.
Erakutsi dit nire burua ezagutzen eta onartzen. Erakutsi dit gaur naizena izaten. Eta askeago bizitzen. Horregatik, argi daukat. Nik Antzuolako Herri Eskola babesten dut; eta zuk?
----------
Alazne Jauregi Alkorta eta Andoitz Peñagarikano Arenaza
Antzuolako Herri Eskolako 294 ikasle ohiren izenean
Antzuola