Maltzagan bi ibai elkartzen dira Y eran. Soraluzetik doan Deba ibaiari Eibartik datorren Ego batzen zaio –eta alderantziz–, eta bi urak bat eginda doaz Elgoibarrerantz. Deba ibaira dozenaka errekaadar batzen dira, beste hainbeste Y topagunetan. Adar bakoitzari, beste horrenbeste errekasto batzen zaizkio, era berean. Denak, itsasora bidean, determinazioz.
Y ikusteko, bi era ditugu: behetik gora, dibergentzian, Telesforok ikusi zuen bezala: batuta iritsi, gero banatzeko. Eta goitik behera, konbergentzian, urek itsasora bidean egiten duten bezalaxe. Naturan adibide gehiago ere baditugu: zuhaitzaren sustraiek konbergentzian batzen dituzte ur eta mineralak, enborrean batu eta hemendik abarretan zabaltzeko, dibergentzian. Gure gorputzean ere, odola zabaltzen dute arteriek, dibergentzian, zelula guztietara, eta zainek hauetatik bihotzera bueltatu, konbergentzian. Nolabaiteko simetria batean.
Batasuna zen Telesfonoren metaforan abiapuntu. Non gaude, baina, burujabetzara bidean? Banatuta. Errealitate honetatik abiatuz, lehenengo, batu egin behar dugulakoan nago, urak egiten duen eran. Itsasoaren baitako bakea eta indarra nekez lirateke direna, berau elikatzen duten ibai guztien bategiteko determinaziorik gabe.
Euskaldunok, itsasoak bezalaxe, bakea eta indarra izan ditzagun, batasuna dugu behar. Nola asebete behar hau? Eginez. Batuz. Ez dago besterik. Xaukena xauk.
Nola, baina? Urak, lurreko orografian behera doala, ezinbesteko bide bat egiten du, inolako esfortzu barik, zero energiarekin, topagunez topagune itsasoraino. Zerk eragiten du urak bere bidea egin dezan, determinazio osoz, oro itsasoan batuz?
Bi gauzak: orografiak bidea zehazten dio, eta grabitate indarrak, g-k, bultzatu.
Zein da gure banaketaren orografia? Nola gaude banatuta? Nola banatu gaituzte? Erradiografia hori dateke gure orografia. Banatze puntuak, topagune. Ura g-k bultzatzen badu, zein indarrek bultzatzen gaitu gu? Zein da gure g?
----------
Iñaki Idigoras Igartua
Oñati