Bi hilabete igarota, ez dugu erantzunik izan.
Oso larria iruditzen zaigu. Foru Gobernuari ahoa betetzen zaio parte hartzea edota herritarrak entzun bezalako kontzeptuekin, baina gure kasuan ezer ere ez. Isiltasuna lege.
Ez dute merezi sinatzaileek dagokien arreta? Arrasateko hiru alderdi politikoren lana ezerezean geratuko al da? Kalkulu politikoren bat egingo zuen EAJ-PSOE tandemak, oposizioko alderdiei egin behar zaien kasuaren inguruan. Akats larria da, gure ustez, kaltetuak Arrasateko autobus erabiltzaileak baitira, euren egoera hobetuta ikusten ez duten heinean. Denbora aurrera doa eta ez duenak ondo funtzionatzen ez du konponbide magikorik izango.
Ez gara atzera botako. Zerbitzu publikoetan eginiko murrizketak salatzen jarraituko dugu. Espero duguna da Markel Olanoren exekutiboak jarrera aldatzea eta herritarren eskariari tartea ematea.
Azkenik, Arrasateko udal erregistroan sinaduren kopia bat erregistratu genuen. Badakigu Foru Aldundira igorri zituztela kopiak, baina zerbait gehiago behar dugu. Herritarren arazoek arreta publikoa behar dute eta ez legoke gaizki udalean ere gaia jorratuko bagenu. Nahiz eta eskumena ez izan munizipala, kaltetuak Arrasateko erabiltzaileak baitira.
Lanerako disposizioa eta proposamen sorta dugu. Orain, 1.650 sinadura eta hiru alderdi politiko dira arreta merezi dutenak.
----------
Eneko Barberena (EH Bildu), Igor Urizar (Baleike) eta Juan Luis Merino (Irabazi)
Arrasate