... Jakiunde Zientzia, Arte eta Letren Herriko akademiaren eskutik. Hori irakurri dut GOIENAn.
Goragarria da CERNeko detektagailu eta aparailu zientifikoentzako egin dituzten piezak direla eta "gizartearen ongizaterako" egindako kontribuzio teknologiko handiagatik ELAYko langileen "lana eta grina" txalotzea. Jesus Mari Ugalde Jakiundeko presidenteak dioenez, urteak daramatzate "punta-punta-puntako" teknologia erabiliz piezak egiten. Onenak omen direnez, zorionak ELAYko kide guztiei.
Harridura sortu didana ospakizunerako antolatu diren hitzaldiak gaztelaniaz direla jakitea izan da. Zein arrazoi du Jakiundek hitzaldiak gaztelaniaz emateko? Ez al da euskara "la sublime utilidad de la ciencia inutil" herritarren artean hedatzeko gaitasuna duen hizkuntza bat? Eta hau euskaraz harremanak izateko esfortzua egiten duen eta euskaraz funtzionatzen duen enpresa batean. Non eta Debagoienean euskaldunenetakoak diren herrietan, Antzuolan eta Bergaran. Hizlaria nor izango eta Pedro Etxenike fisikaria, Jakiundeko ohorezko presidentea eta euskaldun ezaguna dena.
Estatuaren erreformatzaile Adolfo Suarez-ek 1980an "fisika nuklearra euskaraz irakastea ezinezkoa da" zioen, eta Etxenikek ateraldi horri bi baldintza betez gero posible zela erantzun zion, fisika jakitea eta euskara jakitea. Zerbait aldatu ote da orduz gero? Gainera, kasu honetan ez gara irakasteari buruz ari, hedapenari buruz baizik. Zientzia gaiak euskaraz komunikatu daitezke edo ez?
Ospakizunean Jakiundek euskaldun jendea, euskara hizkuntza duen komunitatea, baztertzeko bidea hautatu du. Ez al dira nahikoa estatuaren instituzioak euskararen bazterketa bultzatzeko?
----------
Joxemari Muxika Arrieta
Arrasate