Mariasun Landak (Errenteria, 1949) Berdintasunaren aldeko 2023ko Emakunde Saria jaso du. Filosofiako lizentzia lortu zuen Parisen, 1973an, eta geroago Filosofia eta Letretakoa Valentziako Unibertsitatean. Literaturaren Didaktikako irakasle titular gisa jardun du EHUn, eta horrekin batera literatura-sorkuntzan aritu da, euskarazko haur eta gazte literaturan batez ere. Pentsaera eta irizpide feministak izan ditu ardatz bi zeregin horietan. Eginiko lan oparoarengatik, hainbat aintzatespen jaso izan ditu, hala nola Haur eta Gazte Literaturaren Euskadi Saria (1991n), edo Espainiako Haur eta Gazte Literaturaren Saria (2003an). Halaber, 2014an, Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Saria lortu zuen, eta 2016an, Rosalia de Castro Saria.
Zure literatura-lanagatik horren saritua izanik, nola jasotzen duzu Emakunde Saria, berdintasunari egindako ekarpena aintzatesten duen sari hori?
Neurri-neurriko eskularru bat jantziko banu bezala sentitzen naiz. Beste sari batzuk jaso ditugunok, sentipen anbiguoagoak izaten ditugu; izan ere, norberak duda egiten du maila eman ote duen, benetan merezi ote duen. Aitortza honek, ordea, itzelezko atsegina sentiarazten dit. Egia da jada adin jakin batera heldu eta nahikoa bizi luzea dutenei ematen zaiela, baina pertsona asko eta asko joaten dira mundu honetatik horrelako aitorpenik jaso gabe.