Umea hemen jaio zen. Edo atzerrian jaio zen (Maroko, Pakistan, Errumania, Boli Kosta, Siria…) eta bi urterekin etorri zen, edo zazpirekin, zer inporta du.
Bertakotasuna edo hemengotasuna (barkatu hitzkoteak) eraiki behar du, eta berarentzat prozesua konplexuagoa izan daiteke beste batzuentzat baino (familia autoktonoa dutenentzat baino). Berak hemengotasun hori beste pertenentzia batzuekin uztartu beharko luke, batez ere familiarengandik transmititu zaionarekin. Eta agian bidean gertatu zaionarekin. Egungo migrazio prozesu transnazionalak direla eta, umea, adibidez, Saharan jaio zen, bost urte eman ditu Marseillan eta orain Arrasaten bizi da, eta Marseilla eta frantsesa bere bizitza laburraren parte ere badira. Eta Anberesen eman ditu uda zoragarri batzuk, han dauzkan osaba-izebekin eta lehengusinekin, eta horrek ere kontatzen du.