Familia batzuk kideren bat galduta, lagun edo ezagunen bat gehienok, gertuago edo urrunago tokatu bazaigu ere. Baina konfinamendu garaiak sortutako ondorio indibidualez gain, kolektiboak izango dira. Zenbat denbora pasako dugu lagun talde osoa lasai eta naturaltasunez besarkatu arte? Noiz utziko diogu metro eta erdia errespetatzeari beste bati zuzentzean? Duela 11 urte, Suedian pasa nituen hilabete batzuk eta harritu ninduen gauzetako bat lagun edo lankide artean hizketan uzten zen tartea zen, guk baino espazio askoz gehiago mantenduz. Itzuleran, edozein gertuegi neukan inpresioa nuen eta bati baino gehiago eskatu nion espazio bital pixka bat eman eta urruntzeko. Kostata, baina ohitu nintzen gure distantzietara. Txikikeriak dirudite, baina konfinamendu honetan hartutako ohitura batzuk aldatzea kosta egingo zaigu. Erabaki egin beharko dugu zertzuk itzuli nahi ditugun lehengora eta zeintzuk aldatu nahi ditugun, zeintzuk egoera honek behartu gaituen bezala egiten jarraitu.
Azken 40 urteetan apurtu ziren gizarte sare batzuk berreraiki dira 20 egunean, konfiantza erlazioak modu espresean sortuz. Honen ondoren, egun batetik bestera utzi behar al dugu bertan behera 40 urtetan galdu eta 20 egunean halabeharrez errekuperatu duguna? Aldaketa txiki hauek balioan jarri eta mantentzeko gai izango gara?
Datozen hilabeteotan baliabide guztiak bideratuko ditugu herritarren oinarrizko beharrak ziurtatzeko
Azken 20 urteetan osasungintzan –eta beste hainbat arlotan– egindako murrizketa eta pribatizazioak ageri-agerian utzi eta kritika sakonak jaso dituen honetan, antzeko prozesuen aurrean begiak itxi eta amen egiten jarraituko dugu aurrerantzean? Ekonomia ez dugu lagun izango eta ez da zaila aurreikustea efizientzia eta austeritatearen izenean halako prozesuak laster izan ditzakegula mahai gainean.
Eta ekonomiaz hasi naizela. Honen ondoren, egoera latzak izango ditugu esku artean. ERTEak orain, zenbat ERE izango dira gero? Langabezia tasa gora, familien egoera behera. Aberastasunaren banaketa desorekatua. Etorkinak, emakumeak, talde zaurgarrietako kideak edo guztia batera. Bakarrik utziko al ditugu etxe-kaleratze, gose edo edozein motatako abusuen aurrean?
Pentsa dezagun nola aldatu nahi ditugun gauzak. 2009ko krisia gogorra izan zen, neurri handi batean bakardadean aurre egin behar izan ziolako familia asko eta askok. Oraingoan, gizarte bezala erantzun beharko diogu eta hobeto erantzuteko bezala izango gara, baina guztioi dagokigu ingurukoekiko konpromisoa hartzea. Erakunde publikoek ere izango dugu zer esana eta zer egina. Perspektiba baliabide publikoei dagokienez, ez da batere polita; diru sarrerak asko gutxituko dira, %20 inguruko murrizketak jasatea oso posible izango da eta honek bergararrondako inportanteak izan zitezkeen proiektuak oraingoz alde batera utzi beharra ere ekarriko du, egoera berriko errealitateari aurre egiteko. Baliabide guztiak bideratu beharko ditugu datozen hilabeteetan, kasurik onenean, gure herritarren oinarrizko beharrak asetzen direla ziurtatu eta ehun ekonomikoari bultzada bat emateko.
Aldaketa garaia da. Aprobetxatu dezagun, beraz, parada. Gelditu eta hausnartu dezagun nola irten nahi dugun eta prestatu edozeri aurre egiteko, asko dugu-eta irabazteko.