Herri eginda, indartuta irtengo gara

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Artola 2020ko api. 3a, 06:30

Apirilaren 1a, konfinamenduko hirugarren astea. Antzera hasten dira Anna Franken egunerokoko hainbat kapitulu, eta, ezberdintasun asko tarteko, egoerak baditu antzekotasun asko ere. Gutako gehienontzat, gerra sasoi bateko egoera ezohikoetatik gertuen izan garen asteak dira.

Beharbada, horregatik hedatu da hainbeste azken asteetan hizkera belikoa ere. Hizkera eta iruditegia, eta zenbaitetan baita jarrera ere. Egoera larria da, baina ez dezagun baliatu militarismoa eta jarrera oldarkorrak justifikatzeko.

Orokorrean, konfinamendua ondo betetzen ari gara bergararrak eta zoriondu eta eskertzekoa da benetan. Aste honetan ezarritako neurri berriek mugimenduak murrizteko balioko dute eta kutsatze-tasaren gutxitzean emaitzak ikustea espero dugu guztiok.

Neurri hauek udal antolaketan ere eragina izan dute, oinarrizko zerbitzuak bakarrik daude modu presentzialean lanean: arreta zerbitzua 010 telefonoaren bidez eta pertsonan kasu larrietan, berdin gizarte zerbitzuetan. Kale desinfekzioan bi txandatan lanean, egunero kaleak ahalik eta seguruenak izan daitezen esfortzu handia eginez.

Udaltzainen papera ere ez da gozoa, herrian egiten diren mugimenduen zilegitasuna kontrolatu behar dute zehaztasun maila oso baxuko dekretu batean oinarrituta. Behar-beharrezko administrazioko langileek osatzen dute lanpostuetan daudenen zerrenda.

Gertuko baten heriotzari aurre egitea zein nekeza izan litekeen jakitun, dolurako laguntza bideratzen ari gara

Gainontzeko zerbitzuak eskaintza moldatu eta ahal direnak online ematen hasiak dira dagoeneko: gazteriatik hezitzaile birtualak, kirol saioen eskaintza online, liburuak eta pelikulak era digitalean. Eskaintza zabalduz joatea da asmoa.

Luzatuz doa ezohiko egoera eta ondorioak ere handitzen ari dira, esponentzialki esatera ere ausartuko nintzateke, ondorio horietako asko aurreikusteko goizegi bada ere. Eragin ekonomikoak gogorrak izango dira eta aurreko astean hartutako neurriak udal zerga eta tasen inguruan familia eta eragindako aktibitateetan horiek arintzeko ahalegin edo saiakera txiki bat dira. Zergak eta tasak atzeratu eta ez pilatzeko banatu egin dira; lehen eta bigarren hiruhileko ura eta zaborra uztailean eta urrian, OHZ edo IBI irailean eta ibilgailuen gaineko zerga abenduan.

Eman ezin izan diren zerbitzuak ez dira kobratuko: kirol abonuak, terrazak, ixtera behartutako aktibitateen uraren finkoa eta zabor tasak…; kobratuta dauden parteak konpentsatu litezkeen aztertuko da.

Udaleko aurrekontuetan ere eragina sakona izatea aurreikusten da eta duela hilabete gutxi onartutako aurrekontuak berrikustera behartuko gaitu. Sarreren aurreikuspen berriak egiteko gai garenean premia zaharrak eta berriak lehenetsi eta udal baliabideak birbideratu beharko ditugu. Horretarako, beste erakunde batzuek eskainitako laguntzak aztertu eta zentzu horretan sor litezkeen hutsuneak identifikatzea garrantzitsua izango da.

Eragin pertsonal eta sozialetara itzulita, garai zailak dira, orokorrean, eta gogortasuna areagotzen da ohikoan ere gogorrak diren momentuetan. Gertuko baten heriotzari aurre egitea konfinamendu garaian zein nekeza izan litekeen jakitun, doluaren prozesuan laguntza bideratzeko ahaleginak egiten ari gara, besteak beste.

Aurretik esan bezala, atera diezaiogun onena txarrari. Erramu zapatu ofiziala ospatuko ez badugu ere, bat egin dezagun Xaxauk egindako larunbaterako deialdiarekin, irten gaitezen bakoitza bere leihora eta girotu dezagun herria.

Egin dezagun herri, guztion artean indartuta aterako gara eta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak