Atera diezaiogun onena txarrari

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Artola 2020ko mar. 27a, 06:00

Badoaz bi aste etxean egon behar dugunetik, 14 egun luze. Dirudienez, beste hainbeste luzatuko da egoera hau, gutxienez. 

Egun hauek ez dira samurrak inorentzat, baina guztioi dagokigu motzago egitea luzeen biziko dituzten horiei. Guztioi dagokigu arduraz jokatu eta transmisioa geratzeko neurriak hartzea. Guztioi dagokigu datozen egunetan krudeltzen ikusiko dugun errealitate honi heldu eta herri bezala gainditzea.

Aste honetan gure inguruan eta bereziki Bergaran ezagutu ditugun COVID-19 positiboen kasuak ez dira asko, baina ez ditzagun datuok gure prudentzia jaisteko baliatu: asko izan gintezke positibo asintomatikoak, eta babes neurriak zorrotz hartzen jarraitu beharra daukagu.

Babesa eta prebentzioa, etxean egon behar izanda ere zaindu zuen osasuna. Adituek dioten bezala, babes neurri garrantzitsuena gure sistema immunologikoa prest izatea da eta. Baina aurreko astean nioen bezala, osasun fisikoaren aspektuaz gain badira krisi honek gogor ukitzen dituen beste alderdi asko. Bakardadea, eta beldurrak, eta biolentzia matxista, eta lan galerak, eta ekimena, eta zaintza komunitarioa, eta erantzun kolektiboak, eta enpatia...

Atera diezaiogun onena txarrari. Herri bezala badaukagu ikasterik krisi honetatik eta aurrerantzean orain ikasitakoak aldaketak emateko balio dezala. Zaintza lanetan bakoitza ingurukoaren kargu egin gaitezen, babesa eman egoera honetan, baina ez dadila horretara mugatu. Ondoren ere elkarren beharra izango dugu eta, egin dezagun zaintza sare horretaz zerbait iraunkorra. Etxepeko dendak orain ematen digun zerbitzua gogoratu dezagun gero ere, eta zerbitzurik eman ezinda gelditu diren haiek ere  kontuan izan ditzagun.

Gizarte behar urgenteei erantzuten aritu gara egunotan, eragileekin elkarlanean, garbiketa eta desinfekzio lanetan...

Zentzu guztiotan bergararrok erakusten ari zareten jarrera txalotzekoa da egoera berri honetan. Ehunka lagun besteen beharrak artatzeko prest, gertukoenei lagunduz, boluntario sarean parte hartuz, 3D makinetan pantailak eginez,...

Eutsi diezaiogun jarrera honi krisi honen ostean ere.

Zer esanik ez egunero behar-beharrezko lanetan zaudeten guztiak: osasungintza eta beharrezko oinarrizko zerbitzuetakoak, ageri-agerian, eskerrik asko zuei ere.

Eta, nire aldetik, aipamen eta esker on berezia udalean presentzialki lanean jarraitzen duzuen guztioi, eguneroko jarduna alde batera lagata garbiketa eta desinfekzio lanetan zabiltzatenoi, herritarren zalantza eta beharrak artatzen ari zaretenoi, boluntarioen sarea koordinatzen edo larrialdi egoera honetan behin eta berriz borondate eta jarrera ezin hobea erakusten ari zareten langile publikoei.

Aurreko egunetan gizarte behar urgenteenei erantzuten aritu gara, herri-eragileekin boluntario sarea osatu eta koordinatzen, Caritasekin elkarlanean laguntza beharra duten familiei artatzea bideratzen, garbiketa eta desinfekzio lanak antolatzen eta beharretara moldatzen…

Egun hauetan, udaleko barne bilerak modu telematikoan martxan jartzen hasi eta hainbat eta hainbat erabaki proposatu eta lantzen ari gara: tasa eta zergen kobrantza datak atzeratzeko aukera eta hobari posibleak zuzenean eragina jasan duten aktibitateei, kirol abonuen trataera, azpikontratatutako zerbitzuen egoera… Eta ez dezagun ahaztu, hurrengo asteak gogorrak izango dira oso, baina krisi honen benetako erronka ospitaleak husten hasi eta gure egunerokoari nola heldu asmatzean egongo da. Ez da lehengoa izango, ez da normaltasuna izango, onerako eta txarrerako. Asma dezagun onena ateratzen txarrari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak