Jaiak gerturatzen zebiltzala ikusita, Eskoriatzako Neska* Gaztiak taldetik Txosnagunera bideratutako protokolo baten lanketa egin genuen, bertan martxan jartzeko helburuarekin. Egunek aurrera egin ahala, festetako programazioa jaso eta eraso sexisten gaiari erantzungo zion Puntu Lila bat egongo zela jakin genuen. Hala ere, hau ordu jakin batzuetara bakarrik mugatzen zen –19:00-22:00; eta 29an, ezer ere ez–, eta iruditu zitzaigun hori ez zela nahikoa eraso sexistekiko herri segurua bermatzeko. Hori ikusita, udaletxera jo genuen informazio bila, eta geure galderei emandako erantzunak ez ziren batere argiak izan; horrez gain, hasiera batetik argi utzi ziguten beraiek ez zutela herrira egokitutako protokoloarekiko ardurarik hartzeko asmorik.
Eskoriatzako Udalaren jarrera ikusita, Neska* Gazte taldeak erabaki genuen landutako protokoloa Txosnagunera ez ezik, herrira ere zabaldu beharko genuela. Beraz, Eskoriatzan Feminismoa Bizirik eta Guerreras herriko talde feministekin batu eta prozesua elkarrekin egitea erabaki genuen. Geroztik protokoloaren baitan sortutako ardurak Herriko Mugimendu Feministaren artean banatu dira, eta horrela kudeatu ditugu jaietako gau eta egunak.
Jaiei dagokienez, uztailaren 1ean egindako kontzentrazioan azaldu genuen bezala, jazarpen-egoera bat salatu zen. Horrez gain, ez zen beste erasorik salatu. Alabaina, gertatutakoaren ondoren ere ez dugu Udalarengandik inolako interes ez eta babesik ere jaso.
Herrira begira, orokorrean, pozik gaude herritarren erantzunarekin. Izan ere, egunetan zehar jende desberdina gerturatu zitzaigun protokoloarekiko interesa eta esker ona adieraziz, eta hori oso positiboki baloratzen dugu.
Azkenik, argi dugu gertatutakoa herrian gaiarekiko dagoen kontzientziazio faltaren isla dela. Horregatik, datozen ikasturteetara begira, uste dugu hutsune hori betetzea Eskoriatzaren erronka nagusietako bat izan beharko litzatekeela, instituzio zein herri mailan.
----------
Goizane Zubizarreta, Eider Kortazar eta Monse Garcia
Eskoriatzako Mugimendu Feministaren izenean (Eskoitzako Neska* Gaztiak, Eskoriatzan Feminismoa Bizirik eta Guerreras)
Eskoriatza