"Nortasun digitala: hil ala bizikoa"

Erabiltzailearen aurpegia Goio Arana 2012ko urr. 5a, 02:00

Joan den astean, 200 aditu europarrek egindako azterketa bat argitaratu zen...

... berau Europako Batzordeak bultzatuta; ikertutako Europako hizkuntza gehienek ez dute bizirik iraungo aro digitalean. Gainera, ikerlarien arabera, euskara dago Europan galduko omen diren 21 hizkuntza horien artean. 

Ondorio horietara iristeko, Meta-Net sareko ikerlariek –tartean, bederatzi euskaldun– aztertu dituzte Europako 30 hizkuntza eta horiek duten babes-maila hizkuntza-teknologiari dagokionez. Arreta jarri dute lau arlotan: itzulpen automatikoa, ahots bidezko interakzioa, testu-analisia eta hizkuntza-baliabideen eskuragarritasuna. Lortutako emaitzak sailkatzeko, aldiz, bost maila finkatu dituzte. Euskarari erreparatuta, aztertu dituzten lau ataletatik hirutan, gure hizkuntza mailarik baxuenean dago, eta bakarrik koska bat igotzea lortzen du Hizkuntza prozesamendua atalean (gaztelera eta frantsesa, arlo guztietan, maila ertainean daude, eta bakarrik ingelesa iristen da, atal guztietan, egoera onera. Aro digitalera begiratuta, ez dago Europan hizkuntzarik egoera bikainera iristen denik).

Aste berean, eta AEDk antolatutako hitzaldi sortaren estreinaldian, Lorea Agirre MUko irakasle eta Sorguneak taldeko ikerlariak hitzaldia eman zuen Arrasaten. Identitatearen bueltan aritu zen beasaindarra: euskaldun izatearen, hau da, nor izate aukeratzearen bueltan. Nabarmendu zituen, besteak beste, kontzientzia hartzeak duen garrantzia, politika ausarten beharra, estetikaren balioa eta, bereziki, transmisioaren ezinbestekotasuna. Agirreren esanetan, transmisio barik, ez dago euskaldun izatea hautatzerik, alegia, ez dago (ez dugu) nor izaterik. 

Soka beraren bi muturrak: identitatea eta nortasun digitala. Nago, euskararen transmisio "analogikoari" eutsita ere, euskaldunok jai dugula ez badiegu serio eta azkar erantzuten eremu digitalean ditugun erronkei. Izan ere, esparru digitalean ere, nor izatea   hil ala biziko kontu bilakatu da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak