Zaurgarrienen zaintzak badu garrantzia

Erabiltzailearen aurpegia Goienaren Erredakzio Kontseilua

Erreportaje berezi hau trans pertsonen bizi-esperientziak argitara ateratzeko premiazkotasunetik jaio da, eta posible izan da, kolektiboko hainbat debagoiendarrek ateak zabaldu eta horretarako aukera eman digutelako. 

Pertsona horien testigantzen bitartez eta kolektiboaren errealitatea gertutik ezagutzen duten hiru adituren eskutik, gerturatze-ariketa egin du Goienak.

Trans kolektiboak babes juridikoa du EAEn. Hala ere, diskriminazioa eta bazterkeria jasaten ditu, eta kolektibo zaurgarria da. 

Jakinekoa da norberaren izaeraren ukazio jarraituak ondorio larriak eragiten dituela. Erreportaje honetan ikasitakoen artean dago, ordea, ingurunea aldekoa denean kolektiboko kideen bizipenak bestelakoak izan daitezkeela. Horren adibide da Debagoieneko familia batek emandako lekukotasuna. Modu anonimoan emandakoa da, modu publikoan egiteak ekar ditzakeen ondorioen beldur. Hain zuzen ere, lekukotasunaren garrantzia kontuan hartuta errespetatu du Goienak anonimotasun eskaera.

Erreportaje berezi honetan, adierazpen askatasunaren auziari eta hedabideok dugun egitekoari ere heldu dio Goienak. Berdintasunarekiko eta giza eskubideekiko konpromisoa dugu, eta badagokigu zaurgarrienei ahotsa eta agerikotasuna ematea.

Goienaren editorialean norbanako zaurgarrienen zaintzak badu garrantzia, adierazpen askatasunarekin batera. 

Hutsegiteetatik ikasi egiten da eta ikasten jarraitzen dugu. Entzun, ezagutzeko. 

Erreportaje hau errespetuaren, aniztasunaren eta justizia sozialaren aldeko apustua da. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak