Trans errealitateak, gertutik

Larraitz Zeberio Lekuona

Goian, ezkerretik hasita: Ane Arregi, Ixotz Louyest eta Yuri Paramos. Behean: Bea Sever, Olatz Etxebarria P. Nanclares eta Aranzazu Chacon. (Argazkiak: Jagoba Domingo, Markel Arrayago).

Gizartearen aniztasuna, genero-rolak, askotariko identitateak, genero-berdintasuna... Trans kolektiboak hausnarketa ugari mahaigaineratzen ditu. Horiek hobeto ezagutzeko gerturatze-ariketa proposatzen du Goienak, gaur, Trans Memoriaren Nazioarteko Egunean.  

Genero-identitatea, queer teoria, trans komunitatea… gero eta gehiago entzuten ditugun berbak dira, baina handiak dira, oraindik ere, horien bueltako ezjakintasuna eta desinformazioa.

Debagoieneko hiru trans pertsonaren testigantzak jaso ditu Goienak erreportaje berezi honetarako: Yuri Paramos oñatiarra, Ixotz Louyest bergararra eta Ane Arregi arrasatearra.

Diskriminazioaz, identitatearen ukazioaz eta horrek pertsonen ongizatean dituen ondorioez hitz egin dute, besteak beste. Nerabezaro atarian den gaztetxo debagoiendar baten testigantza ere jasotzen du erreportajeak; gurasoekin batera erantzun ditu Goienak egindako galderak. Pozik bizi da gazte debagoiendarra, ingurunea aldekoa du eta ez du inolako arazorik ez eskolan, ez lagunartean, ez egiten dituen gainerako jardueretan. Testigantza garrantzitsua da, positiboa delako. Publikoki agertzeak eragin dezakeenaren aurrean anonimotasunean emandakoa da, ordea. 

Pertsona horien testigantzak oinarri hartuta, kolektiboaren ongizatearen alde lanean diharduten hiru eragileren gogoetekin osatu du lanketa Goienak; izan ere, Naizen elkarteko Bea Severrek, Eusko Jaurlaritzako Aniztasun, Bizikidetza eta Belaunaldiarteko Elkartasun zuzendari Aranzazu Chaconek eta psikodidaktikan doktore eta EHUko irakasle eta ikertzaile Olatz Etxebarria Perez de Nanclaresek ere hartu dute parte erreportaje berezi honetan.

Hausnarketarako bidea

Laster beteko ditu hiru urte EAEn indarrean den Trans Legeak. Babes zabalarekin onartu zuen Eusko Legebiltzarrak, 2024ko otsailaren 15ean; izan ere, EAJk, PSE-EEk, EH Bilduk eta Elkarrekin-Podemos-IUk eman zuten aldeko botoa. Oraindik guztiz betetzen ez bada ere, lagungarri izan da hezkuntza-protokoloak, osasun-arretarako gida eta beste hainbat baliabide martxan jartzeko. Hain zuzen ere, Trans Legeari buruz, osasun-arretari buruz eta gero eta polarizatuago dagoen gizartean hedabideek duten erantzukizunari buruz aritu dira erreportajeko elkarrizketatuak. 

Genero-identitatea

Argi dago trans kolektiboak hausnarketa ugari mahaigaineratzen dituela, eta genero-identitatearen definizioarekin abiatuko dugu erreportaje berezia. Honela azaldu du Olatz Etxebarria Perez de Nanclaresek: "Nire ustez, Gender Spectrum ikuspuntuak oso ondo adierazten du, eta hiru maila bereizten ditu: genero biologikoa, genero-adierazpena eta genero-identitatea. Genero biologikoa sistema bitarrean eraikia dago, eta izango litzateke jaiotakoan zure sexuan oinarrituta esleitzen zaizuna; genero-adierazpena estereotipoekin hertsiki lotuta dago, eta izango litzateke zuk azaleratzen duzunetik gizarteak non kokatzen zaituen; eta genero-identitatea izango litzateke nork berea sentitzen eta identifikatzen duena". 

Oharra: Elkarrizketa honetan asteriskoa (*) duten hitzak hiztegi honetan agertzen dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak