Bazkide eta ez bazkideendako zita da. Ateak irekita egongo dira eta 2 euroko sarrera ordaintzea nahikoa izango da bertara sartzeko. 2 euro baino ez mundu osoan ezaguna den blues jotzailea entzuteko.

Tonky de la Peña gitarra-jotzailea eta abeslaria izango dugu Elgetan Paul San Martin pianistarekin batera

Kontzertua Ozkarbi elkartean izango da domekan, hilak 15, 12:45ean.Tonky Blues Band talde mitikoaren sortzaileak eta buruak berrogei urte daramatza bluesa egiten. Europako bluesaren adierazgarri nagusietako bat da, eta bluesaren izar askoren aholkulari eta maisu handia ere bai. Sarrera da bi euro.

Tonky de la Peñak Madrilen fundatu zuen bere taldea 80ko hamarkadan, eta gauero-gauero bere lekua egitea lortu zuen blues klubetan. Era berean, nazioarteko bluesmen handiei lagundu zien, esate baterako, Carey Bell, Louisiana Red eta Charlie Musselwhite. Artista horiekin hainbat kontzertutan eta jaialditan jo zuen. Albert Collins & the Icebraekers taldeak behin baino gehiagotan gonbidatu zuen oholtzara igotzera.

1990. urtean Tonky Jerry Lee Lewisen taldeko kidea izan zen Espainiar estatuan eskainitako biran, eta 1992an beste horrenbeste egin zuen Mick Taylorrekin, John Mayall & the Blues Breakers taldeko gitarra-jotzaile handiarekin eta gerora, 1969 eta 1974 urte bitartean Rolling Stones taldeko kidea izango zenarekin. 90ko hamarkadan Tonky Parisen eta Madrilen bizi izan zen txandaka, eta hamarkada erdialdera Frantziako nazioarteko jaialdi handietan parte hartu zuen. Parisko Front Page klub ezagunean bertako musikari bihurtu zen, emanaldi asko eskaini zituen, tartean Jam session direlako asko, eta Luther Allisonekin eta partekatu zuen oholtza behin baino gehiagotan.

2001 eta 2005 urte bitartean Buddy Milesen talde pertsonala izan zen Tonky Blues Band; 1969-1970 urteetan Buddy Miles abeslari eta bateria jotzaile handia Jimmy Hendrixen taldekidea izan zen Band of Gypsies taldean, eta gero, 80 urteetan Carlos Santanaren taldekoa ere izan zen. Buddy Milesek oso bide garrantzitsua egin du Amerikako musikagintzan, eta nola grabazioetan hala zuzenekoetan Mike Bloomfield, Muddy Waters, John McLaughlin eta gisako beste artista handiak izan ditu lagun.

Buddyren eta Tonky Blues Band taldearen arteko elkarlanetik grabazio asko sortu dira, horien artean The Blues Side of Buddy Miles diskoa. Hainbat urtetan Tonkyk jatorria Texasen duen Paul Orta abeslari eta aho-soinujole handiarekin jardun du, eta Europan ibili ostean AEBetara joan zen 2006. urtean Austingo (Texas) blues zirkuituan barrena jotzera. Hiri hartan 6th Street kale ezaguneko hainbat klubetan jo zuen. Bertan ezagutu zuen Uncle John Turner bateria jotzaile handia, 60. urteetan Johnny Winterren taldeko kide izandakoa. Uncle John Turnerrek Paul Ortarekin egin zuen bira osoa eta Tonky gonbidatu zuen Hurricane Blues diskoaren grabazioan parte hartzera; disko hau Katrina urakanak eragindakoan oinarritua da eta 2006an kaleratu zuten.

Bestalde, slide gitarraren espezialista handitzat hartua da. Blues eskola garrantzitsua izan da, eta musikari handien hazitegia ere izan da; horien artean aipagarri dira Ñaco Goñi aho-soinu jotzailea, taldearen aurreneko garaietako kidea, Francisco Simon gitarra-jotzaile bikaina eta gerora taldeko kide izan zirenak, Marcos Coll aho-soinujolea eta Adrian Costa gitarra-jotzailea, biak ala biak ondoren Los Reyes del KO taldea osatuko zutenak.

Tonky de la Peñak ez dio lan egiteari utzi, hainbat proiektu ditu esku artean, eta aldiro-aldiro jaialditan parte hartzen du Raimundo Amadorrekin batean, Cambayá Blues Reunión delakoan… Gainera, birak egiten ditu Espainian eta Frantzian Nico Wayne Toussaint abeslari eta aho-soinujole bikainarekin. Bestalde, Jam Session bat zuzentzen du Valentziako Black Note klub ezagunean.

Paul San Martin

Paul San Martin pianista eta abeslari donostiarra da. Artista handiekin kolaboratu du eta disko askotan parte hartu du. Gaur egun, bluesaren piano tradizioan murgilduta dabil, stride eta boogie woogie bezalako estiloak lantzen. Azken urteotan bakarkako lanak konposatu ditu, grabatzen eta zuzenean jotzen dabilen bitartean. Prestigio handikoa da gure mugetatik haratago ere. Ozkarbi Kultur eta Aisialdi Elkartera gustura datorrela diozku: "Tonky-rekin jotzea beti da plazerra", esan du.

Stay Blues taldearekin hasi zen, eta Tracks izan zuen bakarka kaleratutako lehen diskoa. Geroago joko zuen Paul´s Moods eta Single diskoetan Romain Gratalon bateria-jotzaile frantsesarekin batean, eta azkenik A French Session izan du helmuga. Mojo Hand taldeko partaide ere bada.

Mick Taylor (Rolling Stones) eta Buddy Miles (Jimmi Hendrix, Santana) moduko jenderekin ere jo izan du.

Kontzertu hau egiteko Goibeko Kultura Elkartea eta Ozkarbi jarri dira elkarlanean. Asmoa da formatu txikiko hainbat kontzertu egitea. Batzuetan izango dira Euskal Herrian biran dabiltzanak, gehienetan Euskal Herrikoak bertakoak, eta beti kalitatea zainduz. Frogatu nahi izan dugu ordutegi berezi hau ere beste herri batzuetan funtzionatu duela ikusita. Marianito kontzertuak deitzen dizkiegu gure artean. Etorri eta gozatu.




ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak