German Muruamendiaraz: "Bergarako zinegotziek alkate andreari"

Erabiltzailearen aurpegia German Muruamendiaraz 2011ko eka. 11a, 02:00

Joan den astelehenean, maiatzaren 30ean, ospatu genuen legealdi honetako azken osoko bilkura Bergaran.

Guk ezer jakin gabe, inork ez baitzigun ezertxo ere jakinarazi, azken osoko bilkura agurtzeko zenbait ekintza artistiko antolatu zituen Udal Gobernuak.

Jakin izan bagenu, modu berean agurtzeko aukera izango genukeen eta benetan sentitzen dugu horrela ez izana.

Besteekin ezertarako kontatu gabe jokoa eta eremua aukeratzeak zenbait abantaila ematen ditu, eta halaxe ikusteko aukera izan genuen joan den astelehenean.

Harrituta gelditu ginen alkate andreak egin zuen legealdiaren balorazioarekin: partziala, kritikoa, zeharkakoa eta erabat politizatua.

Bere ustezko lorpenak azpimarratu zituen beste ezer eta inor kontuan hartu gabe.

Ez zituen aintzat hartu, ezta ere, legealdi honetan izan diren baldintza bereziak eta historia.

Osoko bilkura aretora gerturatutako jendearen gureganako erreakzio gogorrak ere harritu egin gintuen eta guk kanpainan zehar banatutako propagandaren gaitzespena ere jaso genuen.

Guk banatutako komikiak, umore klabean idatzitakoa edozein kasutan, ez genuen uste hainbeste jenderen sentimenduak kaltetuko zituenik.

Bada, hala izan bada, berriro ere barkamena eskatu nahi diegu kaltetutakoei.

Aldi berean, alkatesa andreak guri barkamena eskatu beharko ligukeela pentsatzen dugu, azken osoko bilkura horretan bota zizkigun irainak bota eta gero.

Behin eta berriz gezurtiak garela esateaz gain, legealdian zehar geuk egindako lanari buruzko txantxak egin baitzituen.
Ideia desberdinak izan ditzakegu eta hala ditugu.

Gure ideiak aurrera eramateko lana gogor egin dugu, baina, alkatesa andrea, ez ezazu mespretxurik erabili zuregandik desberdin pentsatzen dugunon aurka.

Hori ez da jokoa, ezta jokamoldea ere…

----------------------------------------

German Muruamendiaraz, Juanjo Arrieta, Arantzazu Amasorrain, Rafa Amasorrain, Maite Barrena
(Bergarako EAJko zinegotziak)
Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak