Ezagutza? Ala zaintza?

Erabiltzailearen aurpegia Gotzon Iparragirre 2025ko uzt. 18a, 00:00

Bat. EHUn diharduen lagun on batek esaten dit Medikuntzako ikasleei eskolak ematerakoan ikasleen egoek uzten dituzten zirrikituen artean mugitu behar izaten duela, bitxia dela esperientzia.

Eta normaltzat jotzen du, ume direnetik entzun baitute eurak bezalako beste bat ez dagoela munduan.

Bi. Sarri-sarri entzuten da: "Mediku horrek ez dizu aurpegira begiratuko, apenas ezer esango dizun, bizkor joango da kontsulta, petral samarra da, baina mediku ona da gero". Imajinatzen duzue hori beste edozein profesional oni buruz hitz egitean? 

Hiru. Etimologia. Hitzen jatorria. Euskaraz, osatu... bat izateko falta dugun zatia berreskuratu. Gazteleraz, curar.Latinezko curare hitzetik datorrena. Curar hitzak eta cuidar hitzak erro berbera daukate. 

Ezagutza sustatzen da, baina jakinduria –norbere buruaren eta besteen ezagutza, enpatia, besteen lekuan jartzeko gaitasuna, laguntzeko grina eta ahala…– sustatu beharko litzateke. Ze miresten da gizarte honetan? Nire ustez, ezagutza!

Gai horretan betiko eztabaidan eror gaitezke: pertsonak dira? Ala sistema da? Sistema diodanean, hau esan nahi dut: zaintzaren ikuspegia txertatua dago gure osasun sisteman? Ala horretarako goitik behera aldatu behar da mediku izango direnen heziketa? Medikuak, dituen ezagutzez gain, ez al du jakinduria gehixeago behar?

Nik uste dut gure osasun sistema erabat sustraitzen dela gaixotasunaren tratamenduan , eta uste dut horretan oso ona dela. Baina kale egiten du osasunaren mantentzeaz edo hobetzeaz ari garenean. Nafarroan Osasunbidea eta EAEn Osakidetza deitzen diegu gure osasun sistemei. Izenok ba ote dira izanen jabe? Osasuna dago ardatzean?

Batzuek diote medikuak kontsultan ez daukala astirik gu zaintzeko. Nik, ostera, diot: badaki? Nahi du? Horretara bideratuta dago haren lana? Zaindu nahi duenak denbora behar du; zaintzaren begiradarik ez daukanak soberan du denbora.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak