Bada beste biderik?

Erabiltzailearen aurpegia Gotzon Iparragirre 2024ko abe. 20a, 00:00

Joan den larunbateko Gipuzkoako bertsolari finalean, hara gaia: Kazetaria zara, eta 30 urtez jende asko elkarrizketatu duzun arren, gaur egin duzun elkarrizketaren ostean oilo-ipurdia jarri zaizu.

Alaia Martinek, torturatutako baten elkarrizketa hizpide, hiru bertsoko sorta lotu zuen. Bigarrena, gailurra… Nola transkribatuko dut bere dardara ahotsa? Entzuleoi dardara bera sentiarazteko moduko bertsoa; gaia oilo-ipurdia bazen, entzuten ari ginen guztioi atera zigulakoan nago.

Hala ere, lehenagotik barruan nerabilen hausnarraren garra piztu zidan Alaiak: bidegurutzera iristean ez ote duen bertsolariak ia beti bide bera hartzen. Eta horrek, galderak. Zer da bertsotan aritzea? Euskararekin jolasean aritzea, txapelketatan jolasa joko den arren? Aldarrikapenetarako bozgorailu? Bertsolariaren koherentzia-frogaren ariketa? Publikoa entretenitzeko bide? Hori dena eta gehiago?

Ez naiz batere aditu, baina txapelketan bertsoa puntuatzeko errimen kalitatea, gaiari heltzeko modua, bertsoaren barne-lotura, estiloko elementuak erabiliko direla uste dut, eta ez publikoaren txalo zaparrada, ala bai?

Alaiak hartu zezakeen beste aldeko baten mina; unibertsala da mina, baina torturatu batena hartu zuen, eta berriz diot zeharo emozionatu ninduela. Publikoak ez zuen berdin erantzungo beste aldekoa balitz biktima? Ala hori da bertsolariaren konfort-gunea, halakorik badago 6.000 lagunen aurrean kantatzean, eta hor aritzen da bertsolaria gusturen? Bertso sorkuntza bada ezberdinaren lekuan jarriz kantatzea? Ala bertsolariak koherente eta aldarrikatzaile izan behar du beti? Eta hala bada, bertsolaritzak ez al du monolitiko eta ikuspegi bakarraren menpe egoteko arriskurik?

Azken hitzak Arantzazu Loidirentzat nahi nituzke. Zorionak, Aran, zuri eta zure bidelagun izandako Almeneko bertso-eskolako kide guztioi. Zure bertsoak ez zidan oilo-ipurdirik sortu, ez… eztarrian zure korapiloarekin bat egin zuen korapiloa baizik. A ze momentua!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak