Euskararen aurkako oldarraldi judizialari aurre egiteko manifa. Jende asko bertan, apenas gazterik. Deigarria egin zitzaigun bertaratutako jende askori gazte jenderik ez ikustea. Ez zaizkie axola euskara eta manifak? Uste dut erantzuna konplexuagoa dela.
Hipotesi bila, Maslowren beharren piramidera jo dut. Piramidearen azpiko aldean oinarrizko –fisiologikoak– beharrak ditugu gizakiok, eta hauek lortu ezean ez gara hurrengo beharren bila abiatzen; azkenik, goreneko mailan, autoerrealizazioarenak daude. Oinarrizko beharren lorpenerako borroka gogorragoa da, biziraupena dagoelako jokoan, baina oinarrizko beharrak estaliak daudenean ere, gizakiak borrokan jarraitzen du... Zeren kontra baina?
Nago gaurko gazteak sasoi bateko gazteekin alderatuz ez direla euskaltzale, abertzale edo ezkertiar soilik, edo kontrakoa. Aurrekoei arrazismoaren kontuak, generoarenak, feminismotik haratago doazenak, animaliekiko errespetuzko jarrerak, naturaren zaintza, identitatearen gatazka amaigabea, sarri-sarri, itogarria dena… eta beste batu behar zaizkiela. Gehitu horiei gizarte aldaketa bortitzak, ziurgabetasuna, Baumanek modernitate likidoa deritzona ere... Lehengo gazte bat kubo batekin irudika zitekeen; gaurkoak poliedro konplexuak dira, eta bidea zinez malkartsuagoa dute.
Lehen, diktadura garaian frankismoaren kontrako jarrera tinko, edo tinko estiloko bat nahiko zen horren baitan norbere bizitza gorpuzteko eta bizitza-zentzu bat lortzeko. Orain, bizitza-zentzuaren bilaketa ez da bide bat, bidegurutzez zipriztindutako amaraun bat baino. Kanpo etsai autoritarioaren faltan, kanpo munstro faltan, barruko munstroak gailendu dira, eta borroka hau zinez gaitzagoa da, bizitza zentzurik topa ezinaren borroka baita.
Noren kontra borrokatzen da gure immunitate sistema bakteria edo birusen faltan? Geure kontra… Hala, alergia, elikadura-intolerantzia edo gaixotasun autoimmuneak izugarrizko gorakada izaten ari dira. Kausalitate beraz, gaixotasun mentalak ere bai!
Agian, gaurko gazteekin enpatia apur bat beharko genuke, dena eskura eman diegun horrekin bizitza errazten ari gintzaizkielakoan konplikatu egin diegulako.