Txinpantzeak eta bonoboak

Erabiltzailearen aurpegia Gotzon Iparragirre 2023ko aza. 24a, 07:00

Inon diren gorri, laranja, urdin edo more biziek zipriztindutako pintore baten paletan kabitzen ez diren berde tonalitate infinituek apaintzen ei dituzte Kongo ibaiaren ertz biak.

Bi ertz horietako bat txinpantzeen erreinua dugu. Animalia oldarkorra; arrik ahulena emerik indartsuena baino indartsuago denez, soilik arren hierarkian antolatutako taldeak dituzte. Ugalketarako arren borroka gogorrak gertatzen dira emeak zeinek estali erabakian.

Ibaiaren beste aldea, berriz, bonoboen errepublika dugu. Bonoboa, primateen hippya... Bonobo arrik ahulena emerik indartsuena baino indartsuagoa ere bada, baina emeak sarean eratuta daude, eta, hala, arrik indartsuena baino indartsuago dira bonobo emeen sareak. Beraz, eme taldeek erabakitzen dute ze arrekin gurutzatu.

Primateen adibide hori darabilt genero kontuak, berdintasuna, indarkeria, binariotasuna, ezbaian dauden hausnarketan erabiltzeko. Gure espeziera etorrita, emakumeak bakandu beharra indartzen duten bi datu historiko jarraian: emakumeen erlijio-erakundeen sorreran ez zieten etxe nagusi baten bueltan antolatzen uzten, enbor bakarraren adar gisa, gizonezkoen kasuetan legez; etxe autonomoetan antolatu beharra zuten, bakandurik, elkarrengandik aparte. Bigarren ideia maisuki garatzen du Patricia Gonzalez Gutierrezek Cunnus: sexo y poder en Roma liburuan, non azpimarratzen duen erromatar inperioan izua ziotela emakumeen arteko solidaritateari. Noizkoa den gizonon izua!

Sozializatu, kaleak hartu, saretu… edo isolatu, bakandu, etxeratu. Emakumeak etxean egon zitezen aitzakia ezin aldrebesagoak erabili dira, ditugu, historian. Baina gizonok, emakumeak aspalditxotik ari zaizkigu bigarren bideari, saretzearenari, alegia, tiraka.

Beraz, epe ertainera ondorioa oso argia da: guk txinpantzearena egiten jarraitzen badugu, eta ari gara, emakumeek bonobotu egingo gaituzte.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak