Aurtengo Aste Santuan Conilgo hondartzan korrika nindoala, bikote bat, senar-emazteak ustez, itsas kontran argazkia ateratzen. Emaztea argazki kamerarekin eta gizona, hilabetetako umetxoa balitz eran, txakurra besoetan. Txakurra, txakur izaerari lotuta, alde guztietara batera begiratzen. Eta hor non entzuten diodan emakumeari: "¡Mira a papi!". A ze paradigma aldaketa!
Tartean, animalien eskubideak eta ongizatea babesteko legea. Animaliak sentsibilitatea duten izakiak kontsideratzen dituena. Uste dut legearen onurak animalien eskubideen defentsari begira ezin ukatuzkoak direla, zor zaien gutxieneko errespetu eta duintasunaren defentsan. Errespetua derrigorra da; maitatzea, aukerakoa.
Hala ere, uste dut legeak ez duela fokua animaliengan, eta gure antropozentrismoari atxikita jarraitzen dugula. Legearen ardatzean animaliak baino gehiago gure beharrak daude, eta behar horien ondorioz guk geuk erabakitzen dugu ze animaliak duen sentsibilitatea eta zeinek ez.
Zalantza egiten dut ez ote garen egoerak muturrera eramaten ari, eta ez ote garen animaliak humanizatzen ari. Logika balute bezala hitz egiten diegu, azalpen sekuentzialak eta denborari lotuzkoak ematen. Sarri-sarri, egoera bati bizkar emanda bageunde, soilik entzuten, segurutzat emango genuke ume bati berbetan ari zaizkiola, eta ez txakur bati. Pentsatu izan dut inoiz jaberen batek txakurrak erantzun egingo ote dion ustea ere baduela… Nik neuk animaliekiko tratu ona eta bakoitzak sisteman duen lekua garbi izatea hibridatuko nituzke irtenbide egokiaren bila.
Baina, agian, mundu hobe bateranzko paradigma berri baten aurrean gaude, munduarekin erlazionatzeko modu hobe baten aurrean, mundua zaintzeko begirada samur baten aurrean. Hala bada, ongi etorri, Disneyland!