Aitaren erlojua

Erabiltzailearen aurpegia Gotzon Iparragirre 2022ko api. 1a, 00:00

Errealitatea eta fikzioa lausotutako laino fin batek bereizi izan ditu. Segun ze haizek jotzen duen, errealitateak fikzio trazak hartzen ditu, edo azken honek, errealitate itxura. Horrexegatik, ez nago ziur noiz izan zen, baina esango nuke neuronatik neuronarako bidea aldrebesten hasi eta nahasmena agertzean izan zela. Orduantxe, aitaren erlojua geratu egin zen, ordu bata eta bi minututan geratu ere. Aurrerago etorriko zen erabateko geratzearen bihozkada balitz eran. Gehiago ez zen martxan jarri.

Hala ere, dutxatu eta guapo-guapo prestatzen zintugunean, atontzeak erlojua eskuturrean jartzearekin amaitzen ziren. Ustez baliorik ez duten objektuak, jada hondatuta daudenak, sortuak izan ziren helburua ez den beste bat beteaz zentzu berri bat hartzera pasatzen dira. Horixe zen guretzat zure erlojua, zu zeu izatearen atal bat gehiago.

Geldi egon arren, nola Focaulten pendulua muturretarantz bidean erditik bi aldiz pasatzen den, hala aitaren erlojuak egunean bi alditan ematen zuen ordu zuzena, errealitateari eutsi nahian emaniko azken eztenkadak balira bezala. Eguerdikoak, nola ez, bazkaltzeko ordua adierazten zizun… Nola disfrutatzen zenuen, gustua zen ikustea.

Goizeko ordu bata eta bi minutu erakusten zituenean, ametsetan irudikatzen zintudan. Ez dakit nola egiten duen gauez amets egunez amets egiteko gai ez denak, baina pentsatu nahi dut amaz eta lau seme-alabez disfrutatzen zenuen garaiak presente izaten zirela amets horietan, Goizperreko sorreran zerbait handia egiten ari zinetenekoak, edo mendian egiten zenituen ibilaldi luze horietako baten bazina bezalako garaiak, baina batek daki… Hori berori egunez amets egitea da!

Goizeko lehen orduan atseden hartuta topatu zintugun, pentsakor bazeunde eran. Nik neuk nahiago dut pentsatu orduko garaiekin ametsetan alde zenuela hegan, nahasmenetik argirantz bidean, bide guztiek bat egiten duten argian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak