Hala funtzionatzen du gure burutxo honek: zerbait nabaritzen dugu, kontaera bat egiten digute, sinesten dugu, eta geure bihurtzen dugu.
Sugearen kontu horrek balio dit LGTBI kolektiboa jasaten ari den erasoak azaltzeko. Beti dago norbait, bere atriletik, gezur borobilak egia balira moduan kontatzen duenik, hori sinesten duenik, eta bertuteetan motz izanik, gezur-haztegi hori eraso homofoboetan gauzatzen duenik. Nire ustez, esan daitekeenaren muga guztiak gainditzen utzi zaizkie norbaitzuei, gorroto delitu izango liratekeen astakeriak ahots goraz esaten, beldur barik, lotsa barik. Eta hartara, anormaltasuna normaltasun bihurtzen joan zaigu. Grazia egiten didate telebistako iritzi-emaileek diotenean gauza bat hitz egitea dela, eta beste bat, biolentzia erabiliz egiten diren ekintzak. Makina bat urtean Euskal Herrian, beste kontu batzuetan, gauza bera izan dira bada!
Guri, besteoi, haiek bezain ozen esatea dagokigu ezetz, identitate kontuak edota sexu joeraren kontuak norberaren esparruari dagokion zerbait direla, norbanakoon eskubide direla, ezberdintasunean denok berdin tratatuak izateko eskubidea daukagula, eta ez direla kabitzen gure gizartean halako, ez erasoak, ezta dialektikak ere.
Badu honek ere bere paradoxa: La Casa de Papel-eko jarraitzaile bazara badakizu zein den maskara jantzita edota aurpegia bistan ibiltzearen aldea; besteek badakite nor zaren. Ikusten ari naizena da batzuek maskara kendu dutela, agerian dabiltzala, eta hori abantaila bat da, badakigulako nortzuk diren. Jakin bezate gu ere zeintzuk garen!