Asteak astelehen luze beltzeko goizak balira bezala bizi denik bada. Arrosari begiratuz arantzak bakarrik ikusten dizkiotenak. Oporrak ilusio optikotzat jo, eta ostirala iritsirik, astelehenari begira daudenak, hain motz da-eta asteburua. Ez dago udarik, negua luzea da, eta udazkenaren nostalgiari ainguratuta bizi daitezke udaberriaren bizitasuna antzeman egin gabe ere.
Adi ibili ere errealista autodefinitutakoekin, errealismoaren defentsa sutsuan, ia beti pesimisten aldera jotzen dute eta, hain da-eta errealitatea eskasa….
Eta kontuz! Pesimista deklaratu edo errealista pragmatikoen ikusmira hau kutsakorra da; izan ere, denok izaten ditugu halako momentu edota egunak. Ezaguna dutelako gure alde hori, atzematen gaituzte, inoiz edo sarritan, segun, euren atzapar sendoekin eta bere egiten gaituzte. Eta orduan, euren altzoan zauzkatelarik, halako keinu ironiko edo trufa imintzioa ikusiko diezu, "hau ere geure egin di(n)agu" diotela. Kostako zaizu irtetea, munduko armiarmarik abilenak baino amaraun korapilatsuagoa iruten baitute.
Victor Frankl-ek, logoterapiaren aitak, kontzentrazio eremuetan gizon garratz askoak ikusi zituela zioen euliak balira hiltzen; ahul ustezko batzuk, ordea, burua tente, handik irteten. Aldea: bigarrenak gero zer egin nahiko luketen irudikatzeko gai ziren, amesteko, horri eutsiz, ametsa bera euren bizi-euskarri bihurtzeko.
Ilusioei eta ametsei begira daudenak eta bizitzaren eguneroko zamari lotuak daudenak ikusiko dituzu inguruan. Beti ezin badaiteke ere, zuk zeuk aukeratu norengana gerturatu. Egun beltzenean ere, ametsa gorpuztu ezin denean, amestearekin amestu ahalko duzu.
Ameslari izan nahi baduzu, ixo! Ez ezazu zaratarik atera, armiarmak hor dabiltza-eta amarauna ehuntzen...