Pandemia eta matematikak

Erabiltzailearen aurpegia Gotzon Iparragirre 2020ko mai. 22a, 00:00

Matematikak pandemiara ekarri eta lege posible batzuen bidez nire sentipenak azaltzen saiatu nahi dut.

1. Axioma bat: ikusezina, ber bi. Ikusezina den zerbaitek denon aurrean ikusezin bihurtu gaitu, bakoitza bere etxera bidaliz. Imajinatu ezazu 1 mm. Ze txikia, ezta? Ba, zatitu miloi bat zatitan. Halako 100-150 besterik ez du birusak, eta larrutu egin gaitu. Sinpletasunaren garaipena.

2. Zenbait terminoren eztandaren printzipioa. Konfinamendua, pandemia, antigorputzak, PCRak… Bagenekien eskalatzen ari zena pareta baten gora zihoala; batek daki, berriz, zer den deseskalada. Lotu iezazkiozu deseskaladari faseak eta, hara, ze saltsa! Ez dago matematika arloan halako algoritmo konplexurik.

3. Kolpeen uniformetasunaren lege ankerra. Birusak ez omen dauka mugarik, ez klase sozialik, inor ez gaude libre bere atzamarretatik, gertu-gertuan omen dabilkigu bere hatsa… baina iruditzen zait Afrika eta Hego Amerika inoiz ez bezala odolusten ikusiko ditugula; beldur naiz, behintzat… Txertoa lortuko da, baina norentzat? Ze preziotan? Ez, halakoetan ez da izaten uniformetasunik.

4. Normaltasun berriaren teoria. Ez daukat honetan fede handirik. Normaltasuna, lortzean, ez da izango berria, zaharra baizik. Egoerak behartzen ez bagaitu, lehenera joko dugun zalantzarik ez daukat. Ez gaituzte gerrara bidali, bakarrik gure etxeetara.

5. Harropuzkeriaren algoritmoaren hutsezintasuna. Ez dakit nor garelakoan ari gara, mundua geurea balitz eran, bizitzarekin jolasean, jainkotiarretik asko izan gabe jainko bagina bezala jolasean… Egoerak otzandu eder baten beharraren berria ekarri digu, berriz, enegarrenez.

Matematika legetatik haratago, bizitza! Mina, bakardadea, heriotzak, isolamendua… Besarkada sentibera bana isil-isilik agur esan diguzuen denoi eta, bereziki, agur esan ezinik, babesik gabe, atsekabeturik geratu zareten senitartekoei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak