Izen ala izan?

Erabiltzailearen aurpegia Gotzon Iparragirre 2019ko ira. 27a, 07:45

Horra hor koska! Izena duen oro ba al da? Izenak, izanak… Hitzak, bakanak, bakunak, esanahi askokoak. Maite ditut hitzak, hizkuntzak, poesia, errimak, neurriak, hutsuneak… edertasuna.

Badira izan bera adierazteko izen askoko kasuak, izen aberatsak… pinpilinpauxa, txiruliru, mitxeleta, inguma, kalapittixe, tximirrika, tximeleta; beste batzuk, berriz, izen bakarreko izanak, edota izan mutuak ere: euren izatea adierazteko izenik ez! Badira umezurtzak edo alargunak. Ostera, ez ei dago munduko inongo hizkuntzarik seme edo alaba galdu duen aita edo amari deitzeko. Izan mutuak, mututako izanak…

Antzuola aldean lagun dugun Gidor Bilbao eta bere hiru kideren Hitz-mitz, 27 hitz liburuak hezkuntza munduko 27 hitzen etimologia dakarkigu, eta horretaz jolas egiten du. Bada bitxikeria deigarri denik ere: ohorezko matrikulaz ari dela, latinezko honos jatorri duela, bertatik datozen ondratu eta ohortzi/ehortzi aipatzen ditu; izan ere, jatorriz horixe da ehorztea, norbait ohoratzea. Ehortzi, ohorez agurtu…

Hitzei irudia gailendu zaien, edo gailentzen ari zaien, gizartean bizi ei gara. Ez dakit hala den. Potentzialtasun handia omen irudi eta emotikonoek. Zuzenean emozioa ukitzeko gai! Hitzen pobretze hori tamalgarri izanik, larriago deritzot hitzen bidez izana bera aldaraztera iristeari. Opor oste honetan harritzen nau nola komunikabide askok lanera bueltatze-aurreko depresio eta estresaz hitz egiten duen; lehen, nagikeria edo gogorik eza ziren. Esan diezaiotela hori benetako depresio bat izan duenari! Izenaren bidezko izanaren prostituzio bat dela uste dut.

Hala ere, hitzek eurek, euren ahoskeraz, izana bera itxuraldatu dezaketela ere aitortu behar. Biak txerriak izango dira, baina Peppa pig ala Josefa la cerda aukeratu behar izatera, zein aukeratuko zenukete? Ba, horixe bera, nik ere bai!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak