Missouritik Otxarkoagara

Erabiltzailearen aurpegia Gotzon Iparragirre 2018ko ots. 9a, 07:48

Ebbing, Missouri. Fikzioa. Tres anuncios en las afueras filma. Alaba bortxatu eta hil duten Mildred Hayes-en istorioa maisuki pantailaratzen du Martin McDonagh-ek. Mildred, ama da.

Munduko agresibitate, sumin, tristura, amorru guztia kabitzen da amaren bihotzean. Bueno, ez da kabitzen, baina, hala ere, sentitzen du. Denboraren galbahea igaroz, maisulana.

Hainbat hari eskegita lagako dizkizu zuzendariak, zuk nahi duzunari tira egiteko. Zuk erabaki, egunerokoan bezala. Ni, gizakion onberatasunaren aldarriaren hariari atxikitu nintzaion.

Otxarkoaga, Bilbo. Errealitatea. Pare bat gaztetxok, ustez, adin oso nagusiko senar-emazteak hil dituzte berriki. Gaztetxo batek, kide guztiak kartzelan omen. Gogorra, auzoelkartasuna, beldurra…

Askok esango du bata fikzio eta bestea errealitate direla. Nago bien arteko muga oso lausoa izaten dela. Zer da beldurra, bada? Sentitzen ez bada, fikzio, baina ai!, atzematen bazaitu, errealitate gordin! Lausoa muga. Egoerok justiziaren etikaren eta zaintzaren etikaren arteko auzia pizten dute.

Beharrezko dugu justiziaren etika, ez daukat zalantzarik; bere gurdian datoz ikerketa, polizia, delitu, zigor, kartzela, birgizarteratze… Ez dut horren aldeko alegaturik egingo. Ez dauka beharrik.

Zaintzaren etikaren aldeko aldarria egin nahi dut. Gizarte kohesioa, errukia, erruki jatorrizkoa gero, aukera berdintasuna, barkamena, gizarte hezitzaileak, baliabide sozialak… dakartzan etika, alegia. Gizarte horretan bizi nahi dut.

Victor Frankl-ek aspaldi esan bezala, guztiok gure barrenean beti dugu askatasuna norantz joko dugun, zer egingo dugun erabakitzeko.

Nola zaborretan munduko lorerik ederrena loratzen den, hala amaren bihotzean berradiskidetzeko hazia ernetzen da filmean aurrera. Baliagarri izango ote zaigu fikzioa errealitate gizatiarragoa eraikitzeko!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak