Eta aipatu dizu hitza, madarikatua bera. Anjel Lertxundik bere Zu nobelan putasemea deitzen dion bera, munstroa. Itsumustuan ulertuko duzu bizitza irauli egin dela istant batean. Amildegiaren jiran ikusi duzu zeure burua. Mila puskatan triskatu da zure bizitza. Saiatuko zara zatiok itsasten, txukuntzen, baina azken zatiak, ai azkenak! Babes-sare afektibo oso aberatsean erantsi daitezke soilik. Entzun diozu bai medikuari. Nork entzungo dizu zuri?
Gaur ere, ikusi du bazetorrela, errukarri, arimak behea jota; aspaldian sarri-sarri gurutzatzen dira lanerakoan. Ezin izaten dio begiradari eutsi. Maiz, beste bide bat hartu izan du berarekin trink ez egiteko. Ezikusia egin nahiago du, ikusiko balu, begiratu beharko liokeelako, eta ez da kapaz.
Gertu nago, sufritzen ari da, lehertu da. Bere sufrimenduarekin bat egin dut, eta neure urdailean sumatu dut, tinko, gora datorrela, eztarrian sentsazio itogarria eragin arte. Bola deritzote. Eta ez naiz gai izan besarkada benetakoa emateko, sentitua bazen ere; sikiera, eskua sorbaldan igarri zezan ere ez diot eskaini, sorbalda bera ere ez. Gertu egon nahirik, baina…
Bizitzaren joanean, isolamenduaren kaiolaren hesiak tinkotzen doazkigulakoan nago, elkarrenganako zubiak zapuzten, edo ahultzen, behintzat. Gu izatetik ni izaterako bidetzat ere jo daiteke bizitza, deskubrimendu izan daitekeena, baina gu gabeko ni-dun bizitza laiotzean dagoen etxe bakartia da.
Eta, halaxe goaz bizitzan aurrera, ala atzera? Paolo Giordanoren zenbaki lehen bikiak baikina; distantzian gertu, baina entzun, begiratu edo ferekatzeko, oso urrun. Baldar, beldurti, izotz koxko bakarti, alderrai, ur epel bila, existitzen ote den zalantza etsipenezkoan murgildurik.