Rio Madre

Erabiltzailearen aurpegia Gotzon Iparragirre 2014ko eka. 20a, 00:00

Ohitura daukat, gidatzerakoan, errepideari ez ezik, inguruari ere begiratzekoa.

Amets egiten dut sarri, halako edo besteko imajinatuz; paisaia politak, herri zoragarriak, naturgune ederrak... ikusteko eta eurekin gozatzeko aukera paregabea eskaintzen dit gidatzeak. 

Duela hilabete batzuk, pentsakor, Errioxan barna nindoala, erreka baten izena zeraman seinalea tupustean agertu zitzaidan, arreta guztia bereganatuz: Rio Madre zioen. Ze polita! Denboran atzera, izena jarri zionaren ikusmiraz, liluraz eta sentiberatasunaz bat egin nuen berehala. 

Ba ote izen politagorik erreka bati jartzeko? Bi hitzek bakanduta daukaten indarra batera doazela ikaragarri biderkatzen da. Sarritan erabili da erreka, bere joanean, bizitzaren paralelismoa egiteko; eta hara non, ama, beti biziaren sorburu.

Makina bat iturburutik jasotzen du erreka batek ura, handi, txiki, ur garbi, zikin... ez dio axola, errekak berak, garbi, garden bihurtuko baititu, nola ama batek bizitzak emandako eztenkada, mingots, garratzak, fereka gozo bihurtuko dituen bere umeentzat.

Errekak uda sargorian eskaini ohi duen freskotasuna eta babesa zabalduko ditu ama batek bere inguru gertukoenean, eta urrunagokoan ere sarri. Nor ez du erreka batek bere joate geldo edo bixkorrean liluratu, erakarri? Eta nor ez da noizbait hunkitu titia hartzeko distantziara umeak amari begiratzen dionean ezeren faltarik gabeko aurpegia erakutsiz? 

Eta, biak ala biak, emankortasun oparo horretan, dena emandako lasaitasun eta baretasunaz jomuga erdietsiko dute: batak, geza gazi bihurtzen hasten den ingurune aldakorrean; besteak, ingurukoen artean joan izanaren gazitasuna utziz. 

Uste dut urrun gaudela, akaso gertuago, ez dakit, Rio Padre kartelik errepide ertzen baten ezagutzetik. Imajinatzen duzue txinatar bat hori ahoskatzen? Ba horixe... Ai ama!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak