... dituzten autoak aukeratu ditzaten. Ez dakit tendentzia bat den, moda kontu bat, baina niri halako isolamendu ukitu bat iradokitzen dit.
Kanpotik ez ikusi nahia al da? Ala barrukoak kanpoan begirada jarri nahia kanpokoa ohartu gabe? Ez dakit. Halakoetan ez da erraza izaten auto barrukoa agurtzea, nor doan ez jakinagatik. Atzerako ispiluak ere ilunak ote dituzte?
Autoaren gaineko burutazio hauek ez dakit ba ez duten, neurri baten, gaurko gizartea islatzen: ilundu kristalak, jaitsi atzerako ispiluak, eta goazen, norbera bere bidetik, aurrera, zuzen, albotara asko begiratu gabe.
Zaharren nahi eta ezina modu ezin gordinago baten kontatzen zuen Bertolt Brechten poesia batek, gerora Xabier Letek musikatu zuena; hala zioen zaharren gero eta ibilbide laburragoen harira: "Ohetik salara, ohetik leihora, ohetik ohera" omen doaz euren ezinean. Nork begiratuta, sarri askotan behintzat?
Gaixotasun larriren batek jota senitartekoren duenari, edo gaixotasuna izan duen bati galdetuz gero, lehenengotariko sentsazio moduan kontatzen dute begirada ezaren sentimendua, gehien behar denean: inork begiratu eza, edo gehienez, begirada iheskor bat.
Muturretara jo gabe, denok sumatu dugu begirada ezaren mingotsa, dakarren bakardade sentsazio hutsala, eta nola ez, norbaiten begirada gugan pausatzen deneko esperientzia ere, begirada samur batek daukan eragin terapeutikoa, begi errukior batzuek barru guztia nola koloreztatzen diguten... Benetako errukiaz ari naiz, eta ez erlijioek erosi ezin daitekeen zerbait, prezio merkean saldu nahi izan duten errukiaz... Begiratzen duena eta begiratua eraldatu ditzakeen errukia.
Hain urrun, hain gertu, kristal garden baten, edota kristal opaku baten distantziara. Begiradak.