Azken hilabeteotan jasandako etengabeko espetxeratzeak nahikoak ez, eta oraingoan, berriz ere, azken askatasun arnasa hartzen hasiak ginela, preso eraman gaituzte. Gatibu, joan-etorri hauek gure emozioetan, gure bizi baldintzetan, eraginik izango ez balute bezala.
Justiziarekiko, zuzenbidearekiko eta, orokorrean, sistema osoarekiko ikuspegi aldaketa bat sortuko ez baligute bezala. Nola erregu egin, dei egin enpatiari, ulertuak izateari, herritarren eta Estatu osoaren konpromisoari?
Jarri dezagun adibide gisa espetxe-zigor prozesu bat. Pertsona edo entitate bat salatua, ikertua eta errudun izatearen ebidentziak aurkeztuz gero, epaitua izango litzateke. Errutasuna ziurtatuko luketen nahikoa arrazoi baleude, kondenatua izango litzateke. Gatibuak bere zigorra beteko luke, eta, jarrera kontuan hartuz, kondena murrizteko aukeraz gozatu. Hau guztia, birgizarteratzean oinarrituriko eredu baten oinarrituz.
Estrapola dezagun kasu hau ostalaritzara. Hilabeteak kartzela etxe gisa inposatzen, askatasuna debekatzen, eta pandemiak sortu dizkigun barne tentsioak arintzearren, dosi txikietan "dirulaguntza" deituriko lasaigarriak ematen.
Ez dugu paliatibo gehiagorik behar; lerro hauetan barne murgilduta daudenei, bizitzen uzteko eskatzen diegu, libre arnasten uzteko. Bidali iezaiozue gizarteari gure sektorearekiko konfiantza duzuen mezua, gure birgizarteratzean sinesten duzuela. Ostalaritza, gaur egun, ez da infekzioen arreta foku. Bete du, soberan, espetxe-zigorra eta egungo bizimodura guztiz egokitua dago. Ez erabili, arren, gure etengabeko espetxeratzea pandemiaren irtenbide gisa, lasaitze sozial gisa, seguruago sentitzeko premia dutenen lasaigarritzat. Ez, behintzat, ekitaldi sozial eta kulturalak egiten jarraitzen diren bitartean, hauen birusarekiko prebentzioa urruti baita guretik.
Berriro ere, Aretxabaletako ostalariok preso jarraitzen dugun bitartean, oraingoan brote fokalizatu batengatik, birusak gogor jotzen jarraitzen du. Ez gaitzazue koma prozesu sakon eta iraunkor batera bultzatu, zuen eskutik eskegirik, dingilizka legez baitago gure izatea.
Mesedez, arren, hausnar ezazue!
-----------
Garikoitz Dublan eta Arianna Abril
Aretxabaleta