Hala, azken hilabeteotan harriduraz bizi izan dugu euskara jomugan izan duten hainbat sententzia bidegabe argitaratu izana. Sententzia horietan hizkuntza eskakizunen sistema eta administrazioaren euskarazko funtzionamendua jarri dira auzitan. Hainbat adituk adierazi dute sententzia horien atzean interpreta daitekeela, badagoela nahi bat hizkuntza politika gobernu eta legebiltzarretatik atera eta epaitegiek eurek ezartzekoa.
Iruditzen zait gizarte bezala argi dugula euskarak aurrera egingo badu, euskara hutsezko espazio fisiko eta funtzionalak beharko dituela: eskolak, herriak, fabrikak, udalak... Ez da kapritxo bat, zientziak erakutsi digu. Azpian, egoera minorizatuan dagoen hizkuntzak bizitza osasuntsua izan dezan modu bakarra da. Batzuek berdintasuna deitzen diote horri; beste batzuek, ekitatea edo justizia soziala. Kontua baita, ez bakarrik euskal hizkuntza komunitate gutxituak nola edo hala bizirik irautea, baizik eta, komunitate gisa, osorik garatzeko aukera erreala izatea.
Aldiz, azken hilabeteotako epaien bidez, gizarteko desadostasunak ebatzi behar dituen Justizia Administrazioak 35 urtez euskararen auzian izan den nolabaiteko bake-soziala hautsi egin du eta gizartearen zati handi bat indefentsio egoeran dagoela sumatzera eraman du.
Baditugu, beraz, arrazoiak larunbatean Bilboko kaleak betetzeko. Baina biharamunean, gertatzen ari denetik ikasi eta lanean jarraitu behar dugu. Iruditzen zaigu datozen urteetan unibertsitateetako zuzenbide fakultateekin batera ahalegin handiagoa egin beharko dugula hizkuntza zuzenbidean adituak sortzeko, euskararen indarberritzeak behar dituen tresna juridikoez eztabaidatu eta osatzeko eta lege-arauak euskaratik eta euskaraz pentsatzeko.
Hizkuntza komunitate gisa, aldarrikatu behar dugu eskolaren ondoren administrazioak behar duela izan hizkuntzarentzat hurrengo arnasgune funtzionala; urteetan gizarteak egin duen ahalegin erraldoiak segida izan dezan.
Hizkuntza politikak bere eremu naturalera itzuli behar du; ezin da epaileen kontu izan; gizarte eragileen eta ordezkari politikoen elkarrizketatik eta lanetik eratu behar dugu gure hizkuntza komunitateak behar duen hizkuntza politika.
--------------
Garbiñe Mendizabal
Donostia